Ekonomia -

LAN-ISTRIPUA

Langile bat hil da Zanbranan, zuhaitzak mozten ari zela

Hildakoa Castelloko (Valentzia) Contrachapados Archena enpresako behargina zela zehaztu du ELA sindikatuak. Aurreneko zantzuen arabera, enborrari eusten zion petrala hautsi da, eta langileari gainean erori zaio. Gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du asteazken honetarako Gasteizen.

Lan-istripua Zanbranan. Argazkia: Arabako suhiltzaileak.
Lan-istripua Zanbranan
Lan-istripua Zanbranan. Argazkia: Arabako suhiltzaileak.

AGENTZIAK | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

38 urteko langile bat hil da astelehen honetan Zanbranan (Araba), zuhaitzak moztean. Gertakaria 12:15 aldera izan da, Ertzaintzak lan-istripuaren abisua jaso duenean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak langilearen heriotzaren berri eman du.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko (Osalan) teknikariak tokira joan dira ezbeharraren arrazoiak ikertzeko eta ustezko erantzukizunak zehazteko.

Foru Aldundiko suhiltzaileak bertaratu dira zaurituari laguntzeko, baina ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko.

Hildakoa Castelloko (Valentzia) Contrachapados Archena enpresako behargina zela zehaztu du ELA sindikatuak agiri batean. Dirudienez, azpikontrata Ebroko erriberan lursail bat mozten ari zen, Miranda Ebroko mugatik (Burgos) gertu.

ELAk erantsi duenez, aurreneko zantzuen arabera, enborrari eusten zion petrala hautsi da, eta langileari gainean erori zaio.

Gorpua altxatzeko agindua eman ondoren, Gasteizko Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dute, autopsia egiteko.

ELAk agirian gogorarazi duenez, aurten Araban hil den laugarren behargina da. Biktimaren senideei eta lagunei elkartasuna eta babesa adierazi ondoren, ELAk prekarietatea salatu du, "eta are gehiago baso sektorean".

"Lan baldintza gogorrei erakunde publikoen utzikeria" gehitu behar zaiela kritikatu du sindikatu abertzaleak. ELAren hitzetan, ezbeharrak baldintza horien "ondorio zuzena" dira.

Era berean, lan-istripu "bereziki larria" dela adierazi du LABek; izan ere, Arabako Foru Aldundiak lanak zuzendu ditu, "eta azpikontrata kate batek azken katebegiaren heriotza eragin du, langilea".

LABen ahotan, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia "heriotza berriaren arduradun politikoa da"; izan ere, "bere eskuetan dago" laneko segurtasuna eta kontrola betetzeko neurriak kontratazio agirietan jasotzea.

Gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du asteazken honetarako Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren egoitza aurrean, lan-istripuak salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak