Ekonomia -

Argindarraren prezioa

Atzo baino % 7,5 gehiago ordainduko da gaur argindarraren MWh-a eta marka berria ezarriko du: 152,32 euro

Ostiral honetako prezioa duela urtebetekoa halako hiru izango da; orduan eguneko batez besteko prezioa 45,1 eurokoa izan zen MWh-ko.

Pertsona bat arropa-garbigailu bat martxan jartzen. Argazkia: EFE
Pertsona bat arropa-garbigailu bat martxan jartzen.
Pertsona bat arropa-garbigailu bat martxan jartzen. Argazkia: EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Handizkako merkatuan argindarraren batez besteko prezioak marka berria ezarriko du ostiral honetan, eta 152,32 euro ordainduko dira orduko megawatt bakoitzeko. Inoizko prezioa altuena izateaz gain, gaurkoa baino % 7,5 euro garestiagoa izango da, atzo 141,71 eurotan baitzegoen MWh-a.  

Era horretan, erregistroak daudenetik izandako ostiralik garestiena ez ezik, historia osoan izandako preziorik altuena izango da, aurreko marka, gaurkoa aise gaindituta. 

Ostiral honetako prezioa iazko irailaren 10ekoa halako hiru izango da; orduan 45,1 euro ordaindu zen MWh-a.

Joan den astean, bata bestearen atzetik etorri ziren errekorrak astelehena eta osteguna bitartean; atsedentxoa eman zuen gero, ostiralean eta asteburuan. 

Astelehen honetan, aldiz, gorantza hasi ziren berriro prezioak, bezperako preziotik % 3 egin zuen gora, 132,65 eurora arte, asteartean zertxobait jaitsi zen 127,36 eurora arte. Baina, asteazkenean % 6,5 igo zen berriro eta beste % 4,4 ostegunean. Bihar ere koska handi bat egingo du gora, beste % 7,5, hala hiru egunenetan jarraian egingo du gora

Ordutegi tarteei dagokienez, ostiraleko merkeena 17:00etatik 18:00etara izango da, eta 146,29 eurora jaitsiko da. Garestiena, berriz, 09:00etatik 10:00etara bitartean izango da, orduan 159,31 eurokoa izango baita prezioa.

Iraileko lehen bi asteek handizkako merkatuan inoiz ikusi diren preziorik altuenak dituzte.

Abuztuan zehar, eta bero-bolada betean, prezioak errekorrak ezarri zituen bata bestearen atzetik, hileko batez besteko prezioa 106 euro/MWh-ra iritsiz, uztailekoaren ondoren historiako hilabeterik garestiena, beste errekor bat ezarri zuena, 92,4 euroko prezioarekin. Aurten, otsaila izan da merkeena, 28,49 euro ordaindu zen batez beste MWh-a. 

Berriztagarrien enkantea urrian

Berriztagarrien enkantea urriaren 19an egingo da, aurreikusitakoa baino bost egun geroago, Energiaren Estatu Idazkaritzak ostegun honetan Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutako ebazpen baten arabera. Enkanteak 3300 megawatt eoliko eta fotovoltaiko jarriko ditu enkantean, exekuzio-epe bizkorrekin.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren ustez, enkante horren ondorioz sortutako energia berriztagarriak "zuzenean murriztuko du elektrizitatearen prezioa, zentral garestiagoekin eta kutsatzaileekin ekoitzitako energia lekuz aldatuko duelako".

Gobernuak enkante berri hau martxan jarri du, argindarraren prezioa etengabe gora doanean. Izan ere, argindarraren prezioa handizkako merkatuan inoizko mailarik altuenera iritsiko da ostiral honetan: 152,32 euro MWh-ko.

Enkantea kupo edo potentzia-erreserba desberdinetan egituratzen da. Erabilgarritasun azeleratuko potentzia-erreserba bat planteatzen da, 600 MW dituena izapidetze-egoera aurreratuan dauden planta eoliko edo fotovoltaikoetarako. Planta horiek zortzi hilabeteko epean eraikita egon beharko dute ordainsari arautua esleitzen denetik, 2022ko uda baino lehen eragina izan dezaten.

Eskuragarritasun azeleratuko erreserba horrekin batera, enkanteak 1.500 MW-eko erreserba aurreikusten du lurreko eolikorako, 700 MW-eko beste bat fotovoltaikorako, beste bat 200 MW-eko izaera neutroko eta 300 MW-ko beste bat banatutako eguzki-sistemetarako.

Enkante horiek funtsezko tresna dira, halaber, 2021-2030 Klima Energiaren Plan Nazional Integratura (PNIEC) eraman diren konpromisoak lortzeko. Plan horrek 60 gigawatt (GW) berriztagarri inguru instalatzea aurreikusten du, baina, era berean, faktura elektrikorako aurrezkia maximizatzeko helburua du.

Gobernuak 2025era arteko ezarritako egutegiaren arabera, enkante horien bidez gutxienez 20 gigawatt (GW) enkantera ateratzea aurreikusten da. Fotovoltaikoa izango da teknologia nagusia, eta, gutxienez, 10 GW-ko bolumena jarri beharko da enkantean datozen sei urteetan; ondoren, eolikoa (8,5 GW inguru); eguzki-energia termoelektrikoa (600 MW); biomasa (380 MW); eta beste 60 MW (biogasa, hidraulikoa edo maremotriza, besteak beste).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Energia berriztagarriak Energia kontsumoa