Ekonomia -
Zerga polemikoa
Bengoak osasun zentimoa 'ganoraz' aztertzeko eskatu die aldundiei
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua "osasun zentimo" gisa ezagutzen den zerga martxan jartzearen alde agertu da, beste behin.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua "osasun zentimoa" bezala ezagutzen den zerga martxan jartzearen alde agertu da, beste behin, eta hiru aldundiei aukera hori "ganoraz" aztertzeko eskatu die.
Bilbon, Forum Europan egindako agerraldian adierazi duenez, "beste sei edo zazpi autonomia erkidego egiten ari direna egin behar dugu", hau da, "osasun zentimoaren aukera aztertu eta ezarri", baina "hori aldundiek erabaki behar dute", erantsi du.
"Ez zait inoren mende egotea gustatzen, (osasun zentimoa) ezartzen bada, primeran, osasun arloko eskaerari aurre egiteko balioko digu eta", azaldu du Bengoak.
Dena dela, "osasun zentimoa"ren zerga ezartzen ez bada "beharrezko kudeaketa egiten jarraitu ahal izateko sektorearen eraldaketa bultzatu" dela adierazi du. Baina, bere ustez, alduendiek "ganoraz aztertu beharreko" gaia da. Halaber, "osasun zentimoa", erregaiari ezarriko litzaieken zerga, ez dela zuzenean Osakidetzara joango azaldu du Bengoak, "zerga bat besterik ez da", erantsi du. Sailburuaren arabera, tasa hori "guztientzako kutxa batera" joango litzateke, eta izen hori eman zitzaion arren, "beste gauza askotarako erabiliko litzatekeen zerga" dela esan du.
Osasun sailburuak, ordea, koordainketaren aukera baztertu du, bere ustez aukera horrekin ez da osasunaren "kontsumo arduratsuago bat" lortuko. Neurria "atzeragarria" dela iritzi dio eta ondorioz, gaixo kroniko askok agian medikuarengana joateari utzuko lioketela erantsi du.