Ekonomia -
Greba Renfen
Renfen zortzi eguneko grebari ekin diote gaur
Makinista eta laguntzaileek deitutako grebak hainbat zerbitzu utziko ditu bertan behera; grebak biah jarraituko du, baita urriaren 4, 5,7,8, 11 eta 12an ere. Tren konpainiak bezeroenganako informazio eta komunikazio bideak indartu ditu egunotarako.
O.P. | Eitb Media
Goizarekin bat ekin diote Renfen SEMAFek (Tren Makinisten eta Laguntzaileen Espainiako Sindikatua) deitutako zortzi eguneko grebari.
Greba egunak izango dira biharkoa eta urriaren 4, 5, 8, 11 et 12a ere. Hori dela eta, Hego Euskal Herrian hainbat tren zerbitzu bertan behera geldituko dira eta atzerapenak ere izan daitezke, bai aldirikoak, bai eta distantzia ertain eta luzekoak ere. Salgaien garraio zerbitzuei ere eragingo die.
Aldirietako zerbitzu minimoak % 75ekoak izango dira puntako orduetan eta % 50ekoak gainerako orduetan; distantzia ertaineko trenen % 65 baino ez dira aterako; abiadura handiko eta distantzia luzeko zerbitzu minimoak % 72koak izango dira eta % 24koak salgaien garraioan.
Renfek jakinarazi du greba egun hauei begira bezeroenganako informazio eta komunikazio bideak eta arreta zerbitzuak indartu dituela.
Enplegu plana betetzeko eskaera
Gidarien kolektiboaren % 85 ordezkatzen duen makinisten sindikatuak grebara jo du, besteak beste, enplegu plana nahiz autonomia erkidego batzuekin eskumenak eskualdatzeko akordioak betetzea eskatzeko.
Gainera, SEMAFek RENFEri leporatu dio osasun krisia baliatu izana trenak kentzeko eta erakunde publikoan 700 lanpostu inguru murrizteko; hori dela eta, pandemiak iraun bitartean desagerrarazitako lanpostuak eta zerbitzuak berreskuratzea eskatu du.
SEMAFen grebak urriaren 1, 4, 5, 7, 8, 11 eta 12rako Trenbide Sindikatuak "Renferen egoera kaotikoa" salatzeko deitutako lanuzte partzialekin bat egingo du uneka.