Ekonomia -
Elektrizitatea
Eusko Jaurlaritzak uste du Iberdrolaren iragarpenak eragina izango duela EAEko hornitzaileen katean
Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, argindarraren prezioari eusteko Espainiako Gobernuak iragarritako neurrien aurrean Iberdrolak bere inbertsioak geldiarazteko hartutako erabakia "ez da albiste ona".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak argindarraren prezioari eusteko iragarritako neurrien aurrean, Iberdrolak bere inbertsioak geldiarazteko hartutako erabakia "ez da albiste ona" eta "EAEko hornitzaileen kateari eragingo dio", baina ez % 100ean.
Tapiaren arabera, enpresa elektrikoaren iragarpenak "bi alde" ditu, batetik, inbertsioak geldiarazteak "Euskadiko garapen industrialari eragiten diolako, eta, beraz, hornitzaileen kateari", eta, bestetik, uda honetan tarifa elektrikoaren igoerarekin izan den arazoa "areagotu besterik ez delako egingo".
"Aldaketa klimatikoan eta CO2 isurketen murrizketan benetan sinesten badugu, berriztagarrietan inbertitzen jarraitu behar dugu, ez Iberdrolaren aldetik bakarrik, baita Estatuko edozein eragileren aldetik ere", adierazi du. Bere ustez, inbertsio horien inguruan "ziurgabetasuna" sortzen ari da, eta, beraz, "ez da albiste ona".
Horrenbestez, Iberdrolaren erabakiak EAEko hornitzaileei eragingo diela onartu du sailburuak, "baina ez % 100ean", horietako askok nazioartean lan egiten dutelako konpainiarekin.