Ekonomia -
Kontsumitzaileen elkartea
FACUAk Bilboko Balicana jatetxea salatu du adingabeei sartzea eragozteagatik
FACUAk Balicana jatetxearen webgunean egiaztatu ahal izan duenez, lokala "helduentzat esklusiboki erreserbaturik" dago, eta mezu berdina agertzen da erreserbak egiteko eta harremanetan jartzeko ataletan.
Agentziak | EiTB Media
FACUA kontsumitzaileen elkarteak Bilboko Balicana jatetxea salatu du, adingabeei sartzea eragozteagatik. Horregatik, jatetxeari isuna jartzea eskatu du.
Kontsumitzaileen elkarteak ohar batean azaldu duenez, Euskadiko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren aurrean salaketa aurkeztu dute, arloan eskumenak dituelako.
FACUAk Balicana jatetxearen webgunean egiaztatu ahal izan duenez, Henao kaleko lokala "helduentzat esklusiboki erreserbaturik" dago, eta mezu berdina agertzen da erreserbak egiteko eta harremanetan jartzeko ataletan.
Kontsumitzaileen kolektiboak ohartarazi duenez, soilik adin arrazoiak tarteko jatetxera sartzea eragoztea, sarrera ukatzeko eskubidearen erabilpen diskriminatzailea da, eta ez du legediak babesten. Etnia, genero edo jatorriagatik kolektibo bati sarrera ukatzea bezala izango litzateke, erantsi duenez.
Espainiako Estatuaren araudiak ere ez du halakorik egiteko aukerarik ematen, gaineratu du FACUAk.
Guzti horregatik, elkarteak Euskadiko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari ikerketa abiatzea eskatu dio, dagokion espedientea zabaldu eta lokala zigortzeko.