Ekonomia -

Ingurumena

Nola aplikatu ekonomia zirkularra zure egunerokoan 10 pausotan

Ingurumenean gure eragina murrizteko nahikoa dira, besteak beste, dutxako ura berrerabiltzea, erabilera bakarreko produktuak saihestea edota apurtutako objektuak konpontzera eramatea.

Kristalezko potoak zerealak biltzeko erabil daitezke. Argazkia: Pixabay
Kristalezko potoak zerealak biltzeko erabil daitezke.
Kristalezko potoak zerealak biltzeko erabil daitezke. Argazkia: Pixabay

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gero eta sarriago entzuten dugu ekonomia zirkularraren kontzeptua, eta erakundeek, Eusko Jaurlaritzak kasu, euren lan ildoetan barneratu dute jada. Baina ba al dugu kontsumitzaile eta norbanakook eguneroko zirkularrago bat izateko modua? Baietz erantzun digu ekonomia zirkularrean aditu den Joan Manuel Fernandez Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikertzaile eta Ikerbasque Research Fellow.

Zure interesekoa izan daiteke: Zer da ekonomia zirkularra?

Aditu horren ustez, nahikoa da ahalegin txiki bat egitea eta zenbait ideia erraz kontuan hartzea. Horietako 10 bildu ditugu, irakurleon lagungarri:

Berrerabili

1). Dutxako ura. Zenbaitetan urari kosta egiten zaio berotzea. Ur hori alferrik galtzen utzi beharrean, ontzi batean bildu eta honakoetarako erabil dezakegu: platerak garbitzeko, komunetik behera botatzeko, landareak ureztatzeko edota etxeko maskotari edaten emateko.

2). Ontziak. Kristalezko potoak (kontserbenak, esaterako) elikagaiak gordetzeko erabil daitezke. Beirazko edo metalezko botilak hustu eta berriro erabil daitezke; plastikozko erabilera bakarrekoak, ordea, ez.

3). Poltsak. Aurreko adibidean bezala, poltsak (ahal dela, oihalezkoak edo material birziklatuz egindakoak) behin eta berriz erabili ditzakegu, erabilera bakoitzeko bat erosten ibili beharrean.

4). Arropa, zapatak edo jada erabiltzen ez duzun edo balio ez dizun edozein produktu. Bota ordez, Wallapop,  Vinted edota Vibbo bezalako plataformetan jar dezakezu salgai.

"Erosten dugun produktu bakoitzak aztarna ekologikoa du: lehengaiaz gain, hura produktu bilakatzeko energia eta baliabideak erabiltzen dira. Bada, hura beste pertsona bati salduta, horren bizitza erabilgarria luzatzen duzu, eta etekin ekonomikoa ateratzen duzu, gainera. Aplikazio horiek erabiltzen dituen jende askok agian ez du jakingo baina ekonomia zirkularrari laguntzen ari zaio", azaldu digu Joan Manuel Fernandezek.

Saltzeaz gain, erosi ere egin dezakezu aipatu plataformetan, produktu berri bat eskuratu beharrean. Fernandezen hitzetan, gai honekin "jarrera aldatu" behar dugu: "Jendeak uste du bigarren eskuko produktuak kalitate kaskarragokoak direla, baina ez da horrela". Nahikoa da plataforma horietan salgai dauden objektu batzuei erreparatzea horretaz jabetzeko: asko eta asko ez dira inoiz erabili, eta batzuek etiketa dute.

5). Janaria. Antzina egiten zen bezala, soberakinekin kozinatzea: haragi, arrain eta barazki hondarrak kroketak edo hanburgesak egiteko erabili. Marmeladak, mazedoniak, pureak eta gazpatxoak egin ditzakegu lar helduta dagoen fruta edo barazkiekin. Barazkiak egosteko urarekin paella gozo bat egin genezake, eta bezperako ogiarekin, gosarirako tostadak.

Erabilitako olioarekin xaboia egin daiteke. Ondoko hauek dira osagaiak: olioa, sosa kaustikoa (drogeriatan salgai) eta ura.

Fernandezek Too Good to go aplikazioa ere aipatu digu. Bertan jatetxe eta tabernek soberan geratu zaizkien eta bestela bota beharko liratekeen jakiak merke eskaintzen dituzte. Hala, food waste (elikagaiak xahutzea) saihesten da.

Murriztu

6). Plastikoa. Erosten ditugun gauza asko eta asko material honetan bildua dago, edo plastikozkoa da. Horren ordez, badago aukerarik:

Ontziratu gabeko elikagaiak erostearen hautua egiten badugu (denda batzuek ematen dute horretarako aukera), kontsumitutako ontzi kopurua murrizten dugu, eta gureak berrerabiltzen ditugu. Posible ez den kasuetan, ingurumenarentzat hobeak diren ontziak (beirazkoak edo kartoizkoak) aukera ditzakegu.

Behin bakarrik erabiltzekoak diren botilak, lastoak, mahai tresnak eta hortzetako eskuilak saihestu. Zorionez, berrerabilgarriak diren alternatibak badaude: beirazko botilak, metalezko lastoak, edota banbuz egindako mahai tresnak edo hortzetako eskuilak.

7). Emakumeen higiene produktuak. Kopa eta kulero menstrualak edota oihalezko konpresak erabili, plastiko asko duten tanpoi eta konpresen ordez. 

 8). Kontsumoa. Fernandezen esanetan, kontsumitzaile gisa, zerbait erabili baino lehen hainbat galdera egin behar dizkiogu geure buruari. Lehena: benetan behar dut erostera noan hori? "Behar ez baduzu, ez du zentzurik erosteak, produktu hori egiteko baliabide ugari erabili direlako".

Bigarren itauna honakoa litzateke: Eros dezaket bigarren eskuko produktu bat edo berriro manufakturatutako produktu bat (konponketaren bat egin edo zerbait aldatu ondoren berriro egindako produktua)? Halakoetan arestian aipatutako aplikazioetara jotzeko gomendatu digu Fernandezek.

Bada geure buruari egin beharreko hirugarren galdera bat: Produktu bat erosi beharrean, zerbitzu bat kontratatzen badut? Horren adibide dira, berbarako, erremintak, ibilgailuak, jantziak edota mozorroak alokatzeko dendak.

Konpondu

Azkenik, apurtu edo matxuratzen zaizkigun produktuak konpontzearen alde egin dezakegu. Dena dela, arlo honetan zer hobetua dagoela esan digu Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak. Konpontzeko denden sarea bultzatu beharko litzateke (tokian tokiko merkataritza sustatzen da, gainera), enpresek zaharkitze programatua ezabatzeko hautua egin beharko lukete, eta erakundeek konponketa sustatu beharko lukete. Izan ere, gaur-gaurkoz, ekonomiko merkeagoa da (ez, ordea, ingurumenari erreparatuta) produktu berri bat erostea konpontzea baino.

9). Arropa, zapatak eta osagarriak. "Betiko denda" horiek erabiltzea: arropa, zapata edo aterki konpontzaileengana jotzea, alegia.

10). Etxetresnak eta elektronika. Arlo honetan, kontsumitzaileek gero eta gehiago erosten dituzte berregokitutako produktuak (konpondu eta eguneratu dituzten sakelakoak edota ordenagailuak, adibidez) eta gehiagotan jotzen dute halakoak saltzen dituzten Cash Converters edo CeX dendetara. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Mondragon Unibertsitatea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Ingurumena Larrialdi klimatikoa Birziklatzea