Itxi

2021/10/19

07:30

Ekonomia

ALTZAIRUTEGIA

Lehen geldialdia dute gaur Sidenorren Basauriko lantegian

EITB MEDIA

Sidenor altzairutegi taldeak 20 egunetan etengo du ekoizpena urtea amaitu arte. Zuzendaritzaren esanetan, argindarraren garestitzeari aurre egiteko hartutako neurria da.

  • Sidenor

    Sidenor. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Sidenor altzairutegiak gaur egingo du Basauriko lantegian urtea amaitu arte iragarri dituen 20 geldialdietatik lehendabizikoa. Argindarraren garestitzearen aurrean hartu du erabakia zuzendaritzak. Dena dela, enpresa batzordetik azalpenak eta zenbakiak eskatu dizkiote.

Gaur eguerdian hasi eta ostiral goizera arte, altzairutegiko jarduera bertan behera utziko dute. Ez da asteko geldialdi bakarra izango, ostiralean eta larunbatean ijezketa-trena geldituko baitute. Geldialdiak 40 langileri eragingo die txanda bakoitzeko. Langileek ordu horiek berreskuratu ahalko dituzte.

Urtebetean argindarraren prezioa laukoiztu egin da, megawatt-orduaren prezioa 60 eurotik 260ra igaro baita. Sidenorrek emandako zenbakien arabera, bost milioi euroko gainkostua izan du, % 300 handiagoa.

Sindikatuek, bere aldetik, neurriaren atzean beste arrazoi batzuk daudela susmatzen dute. Izan ere, Gasteizko eta Basauriko lantegietan lan-hitzarmena berritzeko negoziazioetan ari diren honetan presio neurri bat izan daitekeela uste dute. Hori dela eta, geldialdiaren inguruko xehetasunak eskatu dizkiote enpresari: produkzio eskariak, argindarraren prezioaren garestitzeak eragin dizkion gainkostuak eta enpresa elektrikoekin duen kontratua.

Gasteizko eta Azkoitiko lantegietan martxan jarraituko du produkzioak, baina Basauriko etenaren ondorioak nabarituko dituzte Bizkaian egiten dituzten hornigaiak jasotzen dituztelako.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;