Ekonomia -
Estatu mailan
Martxoaren 9an erabakiko dute CCOOk eta UGTk greba deitu ala ez
Martxoaren 29rako izan liteke deialdia. Europak ezarritako murrizketen aurka protestak egin dituzte ostegun honetan ELAk, CCOOk eta UGTk euskal hiriburuetan.
Erredakzioa
CCOO eta UGT sindikatuetako zuzendaritzek martxoaren 9an erabakiko dute Estatu mailan lan-erreformaren aurkako greba deitu ala ez. Bien bitartean, kalera ateratzeko deialdiekin jarraituko dute: protesta gehiago deitu dituzte martxoaren 8rako, erreforma Parlamentuan onartuko den egunerako, eta martxoaren 11rako.
Zuzendaritza orokorreko kideek bi sindikatuen asmoen berri argi eman ez duten arren, Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari orokorrak esan du sindikatuak lan-erreformaren aurkako greba orokorra deituko duela, baina azken erabakia datorren astean hartuko dutela. Data oraindik ez dutela zehaztu nabarmendu du Casadok eta, bere hitzetan, "edozein data ona izango da" greba deitzeko.
Casadoren hitzetan, UGTk ez dio grebak egiteko eskubideari uko egingo. Murrizketak egin dituzten Gobernu guztien aurka protestak deitu dituztela gogoratu du, eta egiten jarraituko dutela azpimarratu du.
Bestalde, Arabako CCOOko ordezkariak nabarmendu du bere sindikatuak ere zuzendaritza organoetan erabakiko duela greba orokorrarekin bat egin ala ez, datorren astean egingo duten bileran.Martxoaren 29an izan liteke
Martxoaren 9a baino lehen greba orokorra deitzeko aukera eta data baloratu egingo dute CCOO eta UGT sindikatuek Espainian. Zabaldutako hainbat informarioren arabera, Estatu mailako greba orokorra ere martxoaren 29an izan liteke, eta gaur bertan Javier Lopez (CCOO Madril) eta Jose Ricardo Martinez (UGT Madril) sindikatuetako ordezkariek esan dute informazio horiek ez doazela bide okerretik.
Europako politiken aurkako protesta kalera atera dute sindikatuek
Europak ezarritako murrizketen aurka protestak egin dituzte ostegun honetan euskal sindikatuetako batzuk. CCOOk eta UGTk elkarrekin egin dute manifestazioa Gasteizen, Donostian eta Bilbon. ELAk, berriz, Bizkaiko hiriburuan egin du manifestazioa, bakarka.
Unai Sordok eta Damaso Casadok ez dute argitu nahi izan sindikatu abertzaleek martxoaren 29rako deitu duten grebarekin bat egingo duten ala ez. Baina ez dute inongo neurririk baztertu, Gobernuak ''lan-erreforma bertan behera'' utz dezan.
Edonola ere, Euskadiko sindikatuen batasuna hurbil ez dagoela agerian utzi dute sindikatuetako ordezkariek. Izan ere, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak CCOO eta UGT sindikatuekin bat egitea baztertu du gaur, eta horren aurrean, Unai Sordo Euskadiko CCOOk esan du ELA Euskadiko ''minbizia sindikala'' dela.