Ekonomia -

EUSTAT

Langabezia % 8,9ra jaitsi da hirugarren hiruhilekoan EAEn eta 2010eko datuetara itzuli da

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko hiruhilekoan baino 15.900 langabe gutxiago daude. Guztira, 92.700 langabe eta 953.600 landun zenbatu dituzte. Langabeziaren beherakada uda sasoiari lotuta dagoela uste du Eusko Jaurlaritzak.

Bi langile orga jasotzaileak erabiltzen. Domeinu publikoko argazkia (CC0 lizentzia)
Bi langile orga jasotzaileak erabiltzen
Bi langile orga jasotzaileak erabiltzen. Domeinu publikoko argazkia (CC0 lizentzia)

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeziak % 1,4 egin du behera hirugarren hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Gainera, langabezia tasa 2010eko mailara itzuli da: % 8,9koa da orain eta % 8,8koa zen orduan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko hiruhilekoan baino 15.900 langabe gutxiago daude. Guztira, 92.700 langabe eta 953.600 landun zenbatu dituzte. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak balorazio positiboa egin du, baina beherakada uda sasoiari lotuta dagoela esan du.

Gizonen zein emakumeen langabeziak egin du behera, % 1,3 eta % 1,6 hurrenez hurren, eta langabezia tasa ia parean dago batean eta bestean: % 8,8 eta % 8,9.

Lanpostuak sortu direlako eta lanean pertsona gehiago daudelako izan da langabeziaren jaitsiera, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko egindako azken Inkestaren arabera.

Hirugarren hiruhilekoan, 953.600 landun zeuden EAEn, aurreko hiruhilekoan baino 9.300 gehiago. Bizkaian hazi da gehien okupazioa (5.000), Arabaren (3.000) eta Gipuzkoaren (1.400) aurretik. Generoari dagokionez, gehiago hazi da gizonen artean (6.600) emakumeen artean (2.700) baino. Okupazioak jarduera guztietan egin du gora, industrian salbu. Sektore horretan, 1.700 pertsona gutxiago ari dira lanean.

Bestalde, hamar etxetik ia seitan lan egiteko adina duten pertsona guztiak ari dira lanean.

Hirugarren hiruhilekoan euskal ekonomia % 3,8 hazi da.

Eusko Jaurlaritza: "Objektiboki datu ona da"

Udako hilabeteetan langabeziak izandako jaitsiera "nabarmena" baloratu du Pedro Azpiazu sailburuak, baina uda sasoiari lotutakoa izan dela eta laugarren hiruhilekoan datua "zuzendu" egingo dela esan du. Gainera, onartu du oraindik ez direla helburuak bete: "Langabezia tasa % 10etik behera egotea ona da, baina askoz beherago egotea askoz hobea litzateke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba EAE Lana Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Albisteak Eustaten datuak