Ekonomia -

PENTSIOAK

Proposamenak "ez ditu pentsioak murrizten" eta "sistemari lasaitasuna ematen dio", Escrivaren arabera

Oraindik argitu gabeko gauza asko dauden arren, Unai Sordo CCOOeko idazkari nagusiak begi onez ikusi du fokoa diru sarreretan jartzea eta ez gastuan. Antonio Garamendi, CEOE patronaleko presidenteak, aldiz, mahaian sinatzen diren promesak betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa. Irudia: EFE
Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa.
Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa. Irudia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pentsioak bermatzeko asmoz, Espainiako Gobernuak kotizazio sozialak 0,5 puntu igotzeko proposamenaren harira, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak azaldu du planteamenduak ez dituela "pentsioak murrizten", eta sistemari "lasaitasuna ematen dion segurtasun balbula" sortzen duela gaineratu du.

La Sexta telebista katean asteazken honetan egin dituen adierazpenetan, ministroak esan du "negoziazioak bide onetik" doazela, baina ez du xehetasun gehiago eman Espainiako Gobernuak eta eragile sozialek azaroaren 15era arte akordioa lortzeko epea jarri duten mekanismoaren inguruan.

CCOOek begi onez ikusi du kotizazioen igoera, baina "ziurgabetasunez"

Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak, berriz, interesgarritzat jo du proposamena, baina "ziurgabetasun batzuk" sortzen dizkiola aitortu du. Sordoren arabera, proposamena negoziatzeko irekita dago eta "ez da azken proposamena, ezta gutxiago ere". Espainiako Gobernuak diru-sarreretan esku hartu behar duela uste du, etorkizunean pentsioetan egingo den gastuari aurre egiteko.

Igoera txikia izaki, enpleguan eragin negatiborik ez duela izango uste du, eta egonkortasun ekonomikoan, ordea, mesede egingo diola: izan ere, 15 milioi pentsioduni sistema publikoko pentsioa kobratuko dietela bermatzen die.

Hala ere, neurri gehiago hartu beharko direla uste du, horrekin bakarrik ezin izango zaiolako aurre egin pentsioen gastu handiagoaren etorkizuneko erronkari.

CEOek mahaian sinatzen diren promesak betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Antonio Garamendi Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioko (CEOE) presidenteak patronalaren "erantzukizuna" agindu du pentsio sistemaren erreformaren inguruko proposamenak aztertzerako orduan, baina Espainiako Gobernuari mahaian sinatuko diren promesak betetzeko eskatu dio.

Espainiako Gobernuak astearte arratsaldean orri eta erdiko dokumentu bat helarazi ziela baieztatu du Garamendik, Madrilen enpresaburuekin egindako ekitaldi batera iritsi berritan. Azaroaren 15erako erantzun bat eman behar dutela azaldu du, eta enpresaburuen presidentearen ustez tarte oso txikia da.

CEOEko presidenteak azaldu du patronalak "leialtasunez" parte hartuko duela elkarrizketa mahaian, eta zalantzan jarri du Unidas Podemosek, koalizio gobernuko kideek, hiruko akordioei buruz duten jarrera.

Alderdi politikoen erreakzioak

Sofia Castañon Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, ez zuten planteamendu horren berri, eta ohartarazi du 'pentsioen itsulapikoa' berreskuratzera bideratutako kotizazioen edozein igoerak ezin diela langileei eragin.

Hori dela eta, kotizazioak igotzeko, "soldatak igotzeaz" eta autonomoen eta enpresa txiki eta ertainen egoera hobetzeaz hitz egin beharko litzatekeela uste du alderdi moreko diputatuak.

Hector Gomez Diputatuen Kongresuko PSOEren bozeramaileak babestu egin du proposamena eta elkarrizketa sozialaren esparruan, "jasangarritasunaren oinarriak ezartzea eta pentsioen etorkizuna bermatzea" garrantzitsua dela esan du.

Oraindik proposamen bat besteri ez dela gogorarazi du, eta Espainiako Gobernuaren azken helburua luzera begirako akordioa lortzea da, akordioa adostuz gero neurria arrakastatsua izango baita.

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileari proposamena printzipioz, ez zaio "gaizki" iruditu. "Letra txikia ikusi beharko da, baina agian hartu beharreko neurria da", gaineratu du, baina oraindik ikusteko dagoela azaldu du. 

Ivan Espinosa de los Monteros Voxek Kongresuan duen bozeramaileak, berriz, kotizazioak jaistea babestu du, enplegua sortzea errazteko eta pentsioen sistema publikoaren diru-sarrerak hobetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Gipuzkoa Bizkaia EAE albisteak Espainiako Gobernua bideoak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Podemos Pentsioak azken ordukoa Langile Komisioak Vox Antonio Garamendi