Ekonomia -

Abiadura Handiko trena

AHTaren Bizkaiko behin-behineko geltokia Basaurin egitea aztertzen ari dira Ministerioa eta Jaurlaritza

Gasteizen, egungo lurrazaleko geltokia erabiliko litzateke lehen fase batean. Dena dela, bi kasuetan behin betiko geltokiak lur azpitik egingo dira eta Jaurlaritzak ordainduko ditu lanok, gerora Kupo bidez deskontatzeko.

Basauriren ikuspegia, Renferen trenbidea ondotik duela. Argazkia: Mikel Otxoa
Basauriren ikuspegia, Renferen trenbidea ondotik duela.
AHTa arinago martxan jarri ahal izateko behin behineko geltokiak egingo dira Gasteizen eta Basaurin

4:29

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Bizkaiko behin-behineko geltokia Basauriko geralekuan egitea aztertzen ari dira Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza. Behin-behineko geltoki hori Renfeko aldirietako zerbitzuarekin lotuko litzateke, hiriburura iristeko (Abandoko geltokia). Gasteizen, egungo lurrazaleko geltokia erabiliko litzateke lehen fase batean, lurpeko integrazio-lanak egiten diren bitartean.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua eta Raquel Sanchez Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa ostegun honetan bildu dira, Gasteizen. Biek ala biek Euskadiko trenbide sarearen alorrean dauden proiektuak, tartean AHTarena, aztertu dituzte. 

Ordubete luze iraun duen bileran, bi konpromiso hitzartu dituzte erakundeek: batetik, tren lasterra Bilbora eta Gasteizera lurpetik iristearena, eta bestetik, lanok Jaurlaritzak egitea, ondoren gastatutakoa Kupo bidez deskontatzeko. Horretarako, bi kudeaketa-mandatu lantzen ari dira Eusko Jaurlaritzak obra horiek kudeatu ahal izan ditzan, Gipuzkoako tartearekin jada egiten duen bezalaxe. 

Iñaki Arriola sailburua azken kontu horren inguruan mintzatu da eta Jaurlaritzak lanak egin ditzan "Ministerioaren harmen eta jarrera ona" eskertu ditu.

Azaldu duenez, lehen kudeaketa-mandatua Zaratamo eta Cantalojas arteko tunela egiteko izango da, tren lasterra bertatik sartuko baita Bilbora. "Akordioa itxita dago, azken xehetasunen faltan", azpimarratu du. Bigarren mandatuari esker, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, Arkautiko (Araba) korapiloaren zati bat diseinatu eta eraikiko du.

"Espero dugu legegintzaldi hau inflexio-puntua izatea azpiegitura horren obren aurrerabidean", adierazi du sailburuak.

Behin-behineko geralekua Basaurin

Bestalde, Raquel Sanchez ministroak adierazi du "behin-behineko konponbide" bat topatu dutela Basaurin geraleku bat eginda. Nolanahi ere, azpimarratu du horrek ez duela "inondik inora" zalantzan jartzen "behin betiko konponbidea lur azpitik egitea".

Basauriko geraleku horrek Renferen aldiriko trenaren zerbitzuarekin izango luke lotunea eta tren lasterrean heldutakoek trenez aldatu beharko lukete Bilbora heltzeko.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak berretsi duenez, Espainiako Gobernuak 3.800 milioi euro bideratu ditu AHTari eta aurreratu du "bosturteko honetan" bukatuko dituztela lanak; Arriolak 2026ko amaiera edo 2027 hasiera aipatu ditu.

Basauriko alkatea: "Onartezina da komunikabideen bitartez jakitea"

Bien bitartean, albistea komunikabideen bitartez jaso duela eta, haserre agertu da Asier Iragorri Basauriko alkatea. "Onartezina da Basauriko Udala komunikabideen bitartez jakitea Lapatzan AHTaren behin-behineko geltoki bat eraikiko dutela", salatu du.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere haserre agertu da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak AHTari buruz egin duten bileraren berri izan ez duelako. Izan ere, Aburto Madrilen izan da gaur goizean Isabel Pardo de Vera Garraio Estatu idazkariarekin AHTaz eta Bilboko sarbideaz hitz egiteko, une berean Gasteizen egiten ari ziren batzarraz ezer jakin gabe.

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi duenez, Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak egindako adierazpenen ostean, ez du "inolako zalantzarik" AHTaren sarrera Gasteizen lur azpitik izango dela.

15 urteren ostean, Abiadura Handiko Trenaren proiektua amaitzeke dago
15 urteren ostean, Abiadura Handiko Trenaren proiektua amaitzeke dago
15 urteren ostean, Abiadura Handiko Trenaren proiektua amaitzeke dago

1:21
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Basauri Bizkaia Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Abiadura Handiko Trena Renfe