Ekonomia -

Plusbalioaren Legea

Foru administrazioak Konstituzionalak plusbalioaren zergaren gainean igorritako sententzia aztertzen ari dira

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru ogasunak Auzitegi Konstituzionalaren epaia aztertzen ari dira zerga hori arautzen duten foru arauei zein neurritan eragiten dieten zehazteko. Donostiak eta Bilbaok likidazioak bertan behera uztea erabaki dute.

Bizkaiko Aldundia. Eitb Media
Bizkaiko Aldundia.
Aldaketak egin bitartean hainbat udalek plusbalio zerga etetea erabaki dute

1:5

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko eta Nafarroako foru- eta udal-administrazioak lanean ari dira argitzeko zer neurritan eragiten dien Konstituzio Auzitegiak Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergaren Legeari buruz emandako epaiak, udal-gainbalioa izenaz ezagutzen denak; epai horrek gaur Espainiako Gobernuak lege hori aldatu izana ekarri du, Konstituzio Auzitegiak ezarritako baldintzetara egokitzeko.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunak Auzitegi Konstituzionalaren epaia aztertzen ari dira, zerga hori arautzen duten foru arauei zein neurritan eragiten dieten zehazteko.

Bizkaiko Ogasuneko iturriek azaldu dutenez, zerga figura alternatibo bat diseinatzen hasi aurretik, aztertu egin behar da udal gainbalioa baliogabetzen duen epaiak eraginik duen ala ez, edo, hala badagokio, nola eragiten dion foru arauari.

Beraz, uste dute lasai egin behar direla gauzak, presarik gabe; epaia aztertzeko fasean daude orain, eta azterketa hori beste aldundiekin eta udalekin partekatuko dutela esan dute, udalak baitira zerga hori kitatzeaz arduratzen direnak. Azterketa horrek ematen dituen emaitzen arabera hartuko dituzte gero erabakiak.

Gorka Urtaran Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko presidenteak "ontzat" jo du Espainiako Gobernuak "azkar" jokatu izana udal gainbalioaren gaineko zerga Auzitegi Konstituzionalaren epaiari egokitzeko, "zergadunei egoera bidegabeak saihestuz eta udalei segurtasun juridikoa bermatuz".

Urtaranek azaldu duenez, Zerga Koordinaziorako Organoak (Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek osatzen dute) Estatuko dekretua aztertu beharko du, ondoren foru arau horiek "modu harmonizatuan" egokitzeko. Eudeleko presidenteak adierazi duenez, dekretuaren "letra txikia" aztertu beharko da, eta, ondoren, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru araudiak "lehenbailehen" egokitu beharko dira zerga figura horretara.  Hori guztia "datozen egunetan" egin beharko litzatekela esan du, eta "arduraz jokatu behar baita".

Bestalde, Eneko Goia eta Juan Mari Aburto Donostiako eta Bilboko alkateek jakinarazi dute bertan behera utzi dutela zerga horren kobrantza, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak foru arauetan nola eragin dezakeen argitu arte, arau horiek ezartzen baitituzte udalek zerga hori kobratzeko baldintzak.

Eneko Goiak baieztatu duenez, nahiz eta berez udalek zerga kobratzen jarrai dezaketen, Donostiako Udalak oraindik ordaindu gabe dauden likidazioak bertan behera uztea erabaki du, "segurtasun juridikoagatik", egoera argitu arte.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak pausoak "lasaitasunez" emateko beharra azpimarratu du gainbalioaren zergari dagokionez, eta betiere udalen diru-sarrerak "ez murrizteko" asmo "argiarekin".

Aburtok "pausoak lasaitasunez" ematearen alde egin du, eta zerga itundua dela gogorarazi du, "beraz, gure kasuan eskumena Batzar Nagusiena izango litzateke". Horregatik, nabarmendu duenez, "Foru Aldundietatik aztertu behar da zein eragin duen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Donostiako Udala Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eneko Goia Gorka Urtaran Espainiako Gobernua argazkiak Ekonomia Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala Zerga politika EUDEL Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak