Ekonomia -
Finantza ekitaldia
Proiektu bideragarriei kredituak ez ukatzeko eskatu die Rajoyk bankuei
"Bankuek enplegua sortzen eta lehiakortasuna areagotzen laguntzea eta hazkunde ekonomikoa sustatzea nahi dugu", esan du Rajoyk Rodrigo Rato Bankiako presidentearen aurrean.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak proiektu "bideragarriei" eta "familia kaudimendunei" krediturik ez ukatzeko eskatu die bankuei; hala ere, egun zorpetze maila "oso handia" dagoela onartu du.
Bankiak eta El Pais egunkariak antolatutako finantza ekitaldi batean, Gobernuko presidenteak finantza erreformak kredituak ematea sustatuko duela esan du.
"Bankuek enplegua sortzen eta lehiakortasuna areagotzen laguntzea eta hazkunde ekonomikoa sustatzea nahi dugu", esan du Rajoyk Rodrigo Rato Bankiako presidentearen aurrean.
"Entitate indartsuak, kaudimendunak eta sinesgarriak nahi ditugu, berriz proiektu bideragarriei eta berritzaileei finantzaketa eman diezaieten", gaineratu du.
Rajoyk familien finantzaketa urtebetean 27.000 milioi euro jausi izana eta enpresena 40.000 milioi euro txikiagoa izatea deitoratu du.
Ildo horretan, kritika egin die bankariei: "Ez da kasualitatea Espainia krediturik eza handiena duen herrietako bat izatea".
Rajoy, Senatuan
Gobernuko presidenteak azken legealdian izandako hiru milioi langabeak gaitzetsi dizkio PSOEri. Ildo horretan, Rajoyk esan du langabe kopuru handi horren eraginez Gobernuak lan-erreforma egin behar izan duela.
Rajoy Senatuan agertu da gaur lehendabizikoz, eta Marcelino Iglesias PSOEko Senatuko bozeramaileari erantzun dio; Rajoyk ukatu egin dio lan-erreformak ezinegona sortzen ari dela gizartean.
"Zintzotasun osoz, ezinegon handiena sortzen duena bost milioi langabeen kopurua da; izan ere, langabeek lan egin nahi dute eta ezin dute", esan du. Halaber, bi gazteetatik bat egoera horretan egotea eta milioi eta erdi familiek kide guztiak langabezian izatea da ezinegona eragiten diona Rajoyri.