Ekonomia -

Lan-erreforma

Aldi baterako kontratuak gehienez hiru hilabetekoak izatea proposatu du Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernua sindikatuekin eta patronalarekin bildu da lan-erreformaz hitz egiteko, eta kontratazioari lotutako hainbat aldaketa egitea proposatu du.

Espainiako elkarrizketa sozialerako mahaiaren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE
Espainiako elkarrizketa sozialerako mahaiaren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE
Espainiako elkarrizketa sozialerako mahaiaren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua, sindikatuak eta patronala berriro batzartu dira asteazken honetan lan-erreformari buruz hitz egiteko, eta Pedro Sanchezen Exekutiboak kontratazioari lotutako hainbat aldaketa egitea proposatu du, iturri sindikalek jakinarazi dutenez.  

Printzipioz, langileei kontratu mugagabeak egitea defendatzen du, eta aldi baterako kontratuak arrazoi puntualetarako eta gehienez hiru hilabeterako izango liratekeela zehazten du.

Halaber, egin daitezkeen behin-behineko kontratuak enpresa horretan dagoen langile kopuruari lotuta egongo litzateke.  

Urtero errepikatzen diren kanpainetarako -beherapenak edo Gabonak, merkatarien kasuan-, berriz, kontratu finko ez jarraituak egin beharko lirateke, lanpostuko horiek aldian-aldian sortzen direlako.

Bestalde, lanpostu bat bost hilabetetik gora behin-behineko hainbat langilerekin betez gero, egiturazko lanpostu bilakatuko litzateke eta enpresak kontratu mugagabe bat egin beharko luke.

Horrez gain, ordezkapeneko kontratuak kanpoan dagoen behargina itzultzean amaitu beharko lirateke.

Edonola ere, hau guztia proposamen bat baino ez dela eta elkarrizketa mahaian negoziazioa irekita dagoela azpimarratu dute.

Akordio batera heltzeko borondatea

Pedro Sanchezek adierazi du Espainiako Gobernuak "erabateko borondatea" duela lan-erreformari buruz akordio bat egiteko patronalarekin eta sindikatuekin.

Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak, baina, zaila ikusten du patronalarekin adostasun batera heltzea. "2012ko erreformak kontratu prekarioak eta kaleratzeak merkatzea ekarri du,  eta enpresei lan-baldintzak okertzeko aukera eman zaie; eta patronalari hainbeste botere eman zaionean, oso zailak honek botere horri uko egitea", erantsi du.

Antonio Garamendi CEOE patronalaren presidenteak, berriz, Gobernuarekin eta sindikatuekin ituna egiteko aukera zabalik dagoela ziurtatu du, pentsioen kasuan mahaitik altxatu baziren ere.

"Negoziazioa irekita dago eta mahaiak independenteak dira. Beraz, posible da mahai batzuetan baietz esatea eta beste batzuetan ezetz. Aukera bat emango diogu elkarrizketari. Hilabete dugu aurretik", azpimarratu du.

Lan-erreforma berria urtea amaitu aurretik onartu beharko dute, hori baita Bruselak jarritako baldintzan Europar Batasunaren laguntzak jaso ahal izateko.

Hiru aldeak ostiralean batzartuko dira berriro.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Lan Erreformaren Legea Lana Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak CEOE