Ekonomia -

Lan gatazka

Zubietako erraustegiko langileak greba mugagabera, lan-baldintza "duinak" eskatzeko

"Prekarietatea ezabatzea" eskatzen dute eta salatu dutenez, laneko segurtasun eta osasun arloko neurri falta "etengabea" da.

Zubietako erraustegia. Eitb-ren artxiboko irudia.
Zubietako erraustegia.
Zubietako erraustegia. Eitb-ren artxiboko irudia.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zubietako erraustegiko langileek greba mugagabea hasiko dute asteartean, osasun eta lan baldintza "duinak" eskatzeko. Azpimarratu duenez, helburua da Ekobal Operacion y mantenimiento SL enpresak kudeatzen duen lantokian "prekarietatea ezabatzea"; izan ere, enpresak "inolako arrazoirik gabe kaleratzen ditu langileak eta, osasun eta lan baldintzak gero eta okerragoak dira".

ELA sindikatuak ohar batean salatu duenez, "laneko segurtasun eta osasun arloko neurri falta etengabea da" lantegiaren jarduera hasi zenetik. Bere ustez, lan arriskuen ebaluazioa "desegokia da eta ez dator bat" Zubietako lantokiaren ezaugarriekin.

Era berean, lanaldiak, kasu askotan, "12 orduko etenik gabeko txanda bihurtzen dira, lanaldiak luzatzen direlako, eta, aldi berean, ordu estrak sartzera behartzen dira langileak "legez onartutakoen gainetik".

Gainera, "egutegiak egun batetik bestera aldatzen dira, lanaldien arteko atsedenaldiak eta oporrak errespetatu gabe", eta, ondorioz, ezinezko suertatzen da "lana eta bizitza soziala eta familiarra bateragarri egitea". 

ELAk lantegiaren "errealitate zehatza" jasotzen duen enpresa hitzarmen baten negoziazioari hasiera ematea eskatu du, eta  salatu, enpresak "modu sistematikoan kaleratzen dituela langileak, inolako justifikaziorik gabe". Adierazi duenez, praktika hori "jarduera hasi zenetik errepikatzen ari da", eta azken kaleratzea duela egun gutxi gertatu da; hori dela eta, "berehala berriz onartzea" eskatu du.

Sindikatuaren ustez, "ezinbestekoa da salatutako gai guztiei erantzutea". Gaineratu duenez, Ekobaleko zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokie erantzukizuna.  Sindikatuaren esanetan, "enpresako zuzendaritzak zorrotz bete behar du lan eta ingurumen legediak", izan ere, "erraustegian lan egiten dutenen eta herritarren eskubideak dira". 

Azkenik, ELAk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuek "grebarako eskubidea urratzen dute", izan ere, % 70ean ezarri du gutxiengoa ekoizpen arloan eta % 90ean balorizazio plantan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Gipuzkoa ELA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Kutsadura