Ekonomia -

Lan istripua

Lan istriputzat hartzeko eskatuko du ESK-k Azpeitian bere buruaz beste egin zuen langile baten heriotza

20 urteko Azpeitiako bizilagun batek bere buruaz beste egin zuen uztailean, lan egiten zuen enpresan bertan. Esana zuen "ezin zuela gehiago" zituen lan-baldintzekin. ESK sindikatuak, familiak eta eragile sozialek argi dute prekarietateak eraman zuela gaztea muturreko erabaki hori hartzera.

Elkar-ekineko eta ESK-ko kideak eta gaztearen ama, gaur. ESK
Elkar-ekineko eta ESK-ko kideak eta gaztearen ama, gaur. ESK
Elkar-ekineko eta ESK-ko kideak eta gaztearen ama, gaur. ESK

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ESK-k epaitegira joko du Azpeitian, lanean ari zen enpresan bertan, bere buruaz beste egin zuen langilearen heriotza argitzeko; lan arloko ekintza judizialak abiaraziko ditu ESK-k, lan istriputzat jo dezaten. Langileak pairatzen zituen lan baldintzak azken erabaki horretarako "erabakigarriak" izan zirela ziurtatu dute.

Fatima del Castillo ESK-ko abokatua, Imanol Agirre eta Eneko Ibarguren Azpeitiko Elkar-ekin taldeko kideak, Iratxe Esnaola ESKko bozeramailea eta Silvia Castillo, hildako gaztearen ama, prentsaurrekoan izan dira astearte honetan, sindikatuak Donostian duen egoitzan, kasuaren nondik norakoak azaltzeko.

2021eko uztailaren 30ean hil zen Azpeitian duela hiru urtetik bizi zen Luis Enrique Soriano, dominikar jatorriko 20 urteko gaztea; 2018ko azarotik lanean ari zen tailerrean bertan topatu zuten hilik.

Del Castillok azaldu duenez, sindikatuak "ziurtasuna" du enpresak huts egin zuela hainbat arlotan; hala azaldu du Ibargurenek ere. 

Elkar-ekinek familiaren testigantza jaso zuen Soriano hil eta egun gutxira, eta esan dutenez, senitartekoek azaldu zieten gazteak "kontratu bidez zegozkionak baino ordu gehiago lan egiten zituela" eta 12 ordu jarraian ere egiten zituela, "baita larunbatetan eta igande askotan ere".

Ez hori bakarrik, izan ere, "ez zuen oporrik hartzerik izan, edo ez behintzat zegozkion guztiak", eta "gauez eta bakarrik lan egitera behartu zuten, covidak jota bajan zegoenean ere". Halaber, enpresariak 300 euro kendu zizkion Sorianori, pieza bat gaizki atera zitzaiolako.

Elkar-ekinek eta ESK-k diotenez, gazteak behin baino gehiagotan adierazi zion bere ingurukoei "ezin zuela gehiago", lanean bizi zuen egoerarekin.

Abokatuak azaldu duenez, gazteak "ez zuen aurrekari psikiatriko edo psikologikorik" eta "gertuko ingurukoekin harreman ona zuen". Hala ere, uztailaren 30eko 21:30ak aldera "lantokian bertan bere biziarekin amaitzea" erabaki zuen, Azpeitiako 1 zenbakiko epaitegian irekitako aurretiazko eginbideen atestatuaren arabera. 21:30ean, lanean egon behar ez zuen ordu batean, lanaldia, berez, 17:30ean amaitzen zitziolako.

Laneko giroa, erabakigarria

Zigor ikuspegitik "argi dago suizidioa izan dela, baina oraindik ez dituzte aurretiazko izapideak itxi", azaldu du Castillok.

Bestalde, Iratxe Esnaola ESK-ko bozeramaileak azpimarratu du ez duela "zalantzarik" heriotza "lan istripua" dela, izan ere, "gertaera lantokian bertan gertatzeaz gain, lan-giroa faktore erabakigarria izan zen gertatu zena gertatzeko".

Del Castillok adierazi duenez, Osalanekin eta Gipuzkoako Lan Ikuskaritzarekin harremanetan daude; txostenak idazten ari dira haiek, "beharrezko ikerketak egin ostean". Gainera, sindikatuak esan du bide legaletik joko duela, "froga zantzu nahikoak" daudela uste duelako.

Esnaolak gogorarazi duenez, lan istripuak % 19 hazi dira EAEn, baina Eusko Jaurlaritzak "ez du inolako asmorik prebentzioa lehen mailako gai bihurtzeko".

Azaldu duenez, "ehunka langile daude gaizki ordainduta", aldi baterako erregulazio txostenpean, "jazarpen eta larderia egoerak pairatzen" eta ordaintzen ez zaizkien aparteko orduak egiten. Gainera, egoera horiek larriagotu egiten dira emakumeen eta langile gazteenen kasuan, eta "gainera, Luis Enriqueren kasuan bezala, pertsona migratuak edo arrazializatuak badira, hori guztia esponentzialki biderkatzen da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Azpeitia Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak ESK