Ekonomia -
Industria
Urtea hasi zenetik % 10,9 igo da industria ekoizpena EAEn
% 3,6 gehitu da ekoizpena urrian 2020ko hil beraren aldean. Energia % 22,2 gehitu da, kontsumo ondasunak % 8,4 eta ekipo ondasunak % 4,5, bitarteko ondasunetan aldiz % 2,9 jaitsi da indizea.
Agentziak | Eitb Media
Euskal Autonomia Erkidegoko industria produkzioa % 3,6 hazi da urrian 2020ko hil berekoaren aldean, lan egutegiko termino homogeneoetan, eta 2021eko lehen hamar hilabeteetako balantzea eginda, % 10,9ko igoera izan da industria jardueran iaztik hona. Iraileko datuekin alderatuta, EAEko industria produkzioa % 1,9 hazi da, urtaro ondorioak behin zuzendurik, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Urriko indizearen bilakaera positiboa izan da industria sektore handi guztietan 2020koarekin alderatuta, bitarteko ondasunetan izan ezik, urte arteko % 2,9ko jaitsiera izan baita sektore horretan. Energia % 22,2 hazi da, kontsumo ondasunak % 8,4 eta ekipo ondasunak % 4,5.
Zehazkiago, EAEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 18,4), makineria eta ekipoak (% 8,5) eta zura, papera eta arte grafikoak (% 2,9) dira urrian urte arteko hazkunderik handiena izan dutenak. Aitzitik, kautxua eta plastikoak (% 9,8), material eta ekipo elektrikoak (% 8,4) eta elikagai, edari eta tabako industriak (% 2,5) izan dira gehien jaitsi direnak.
Azkenik, lurraldeka, urriko industria produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da Bizkaian (% 6,7) eta Gipuzkoan (% 4,9), baina negatiboa Araban (% 3,2 gutxiago). 2021eko lehenengo hamar hilabeteetako metatuan, 2020ko aldi bereko datuekin alderatuta, Gipuzkoa da hazkunderik handiena izan duen lurraldea (% 13,5), eta Bizkaia (% 9,9) eta Araba (% 8,2) ageri dira ondoren.