Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Tabernen ordutegiak luzatzearen aurka agertu dira Bilboko auzotarrak
Bilboko auzotarren elkarteen federazioak dekretuaren aurka egin du eta arautegiak urratzen dituzten tabernak "zigortzeko" eskatu du.
Erredakzioa
Bilbo Auzotarren elkarteetako federazioak gogor kritikatu du gaur ostalaritza ordutegiak luzatzeko Jaurlaritzaren dekretua eta Gobernuari bertan behera uzteko exijitu dio. Horrez gain, taberna ugari dauden tokietako auzokoekin "hitz egiteko" eskatu dio federakuntzak Patxi Lopezen Gobernuari.
Eusko Jaurlaritzak ostalaritza ordutegiak luzatu ditu eta udalei eskuduntza gehiago eman dizkie. Dekretu berriaren arabera, lanegunetan ordu erdi beranduago itxi ahal izango dute; eta ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperatan ordubete beranduago.
Herriko jaietan, inauterietan (ostegunetik asteartera), Gabonetan (abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra) eta Aste Santuan (ostegunetik astelehenera) bi ordu beranduago ixtearen baimena ematea erabaki ahal izango dute udalek, baita beste jaietan ere, urtero 15 egun gehienez.
Bilboko auzotarren elkarteen federazioak dekretuaren aurka egin du eta arautegiak urratzen dituzten tabernak "zigortzeko" eskatu du. Tabernetatik kanpo edateko plastikozko edalontziak saltzea debekatuta dagoela gogoratu dute.
"Denak ez du balio ekonomia suspertzeko: osasunak horren gainetik egon beharko luke", esan du Bilboko auzotarren federakuntzak, hedabideei bidalitako ohar batean.