Ekonomia -
Altzairua
Sidenorrek bost urterako aurreakordioa lortu du UGTrekin, CCOOrekin eta USOrekin
Hori horrela, langileen soldata finkoa % 2,5 haziko da 2022an; % 2, 2023an, 2024an eta 2025ean; eta % 1,5, 2026an.
agentziak | eitb media
Sidenorrek aurreakordioa lortu du larunbat honetan UGTrekin, CCOOrekin eta USOrekin datozen bost urteetarako lan-baldintzen inguruan, altzairua ekoizten duen enpresak jakinarazi duenez.
Adostutakoaren arabera, langileen soldata finkoa % 2,5 haziko da 2022an; % 2, 2023an, 2024an eta 2025ean; eta % 1,5, 2026an. 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera soldata KPIren arabera berrikusteko klausula bat ere sartu dute.
Gainera, enpresaren emaitzen araberako ordainsari aldakorrari dagokionez, 2023tik aurrera % 2ra iritsiko da gehienez. Akordiorekin batera 1.000 euroko prima izango dute 2022ko urtarriletik aurrera.
Era berean, erretiro partzialak adostu dituzte 1958 eta 1964 artean jaiotakoentzat, eta 200 kontratu mugagabe berri sinatuko dituzte.
Urtean 212 lan egun izango dituzte 2022tik 2024ra, eta 211 2025etik 2026ra.
Enpresaren zuzendaritzak uste du aurreakordioak "egonkortasuna" ematen duela etorkizunari "berme handiagoarekin" aurre egiteko, eta enpresa osatzen duten guztiek egindako "esfortzu ekonomiko handiaren" ondorio da.