Ekonomia -

Eztabaida

Iberdrolaren eta Sidenorren arteko ika-mika publikoa, altzairuaren eta energiaren salneurriengatik

Altzairuaren prezioa igoera "neurrigabea" izaten ari dela esan zuen Iberdrolak asteartean. Sidenorrek "harridura" agertu eta Iberdrolak enpresa siderurgikoaren egoera "ezagutzen ez" duela uste du.

Oizko parke eolikoa. Irudia: Eitb-ren artxibokoa.
Oizko parke eolikoa
Oizko parke eolikoa. Irudia: Eitb-ren artxibokoa.

Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrolak Sidenor konpainiari eskatu dio jaitsi ditzala altzairuaren prezioak munduan zehar energia eolikoaren garapenean lehiakortasunik gal ez dezan, bereziki, itsasoko parke eolikoen instalazioan. 

Joan den urriaren 28an, Angeles Santamaria Iberdrola Españako kontseilari ordezkariak eta Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak, publikoki adierazi zuten ez datozela bat energiaren prezioen igoeraren ondorioetan; elektrizitate konpainiarentzat bere bezeroen % 10i baino ez dio eragiten igoerak, eta altzairutegiarentzat, berriz, industrien gainbehera ekarriko du, sei hilabeteren epean. 

Asteartean, Iberdrolako iturriek baieztatu zuten altzairutegiaren bezeroetako askoren iritziz, jaitsi egin beharko lituzkela prezioak igoera "neurrigabea" izaten ari delako, energiaren prezioaren igoerarekin bat ez datozenak. 

Konpainia elektrikoaren iturrien arabera, Sidenor aspaldi itxitako energia prezioekin ari da bere produktuak saltzen eta, beraz, "ez dago motibo objektiborik, altzairua kobratzen ari den prezioan kobratzeko", diote. 

Gaineratu dutenez, hainbat konpainia elektriko, Iberdrola barne -Sidenor ez da haren bezeroa-, Jainagaren enpresari aspalditik ari zaizkio prezio lehiakor finkoak eskaintzen

Ziurtatu dutenez, Iberdrolak 10 urterako 40 €/ MWh-ko prezioa eskaini zion Sidenorri eta honek ez zuen proposamena onartu. Energia enpresak akordioak lortu ditu Euskadiko beste enpresa siderurgiko batzuekin, 2023ra arteko prezioa ezartzeko.

Elektrikak, azkenean, ziurtatu du prezio finkoak posible direla baldin eta merkatuan enpresa-kostuetan arrisku handiagoa dakarren kenketarik edo enkanterik ez badago; hori enpresa bakoitzak libreki erabakitzen duela esan du.

Sidenorren erantzuna

Sidenorrek asteazken honetan erantzun dio Iberdrolari. Konpainia elektrikoaren adierazpen "okerren" aurrean, Sidenorrek "harridura" agertu du. Iberdrolak enpresa siderurgikoaren egoera "ezagutzen ez" duela uste du Sidenorrek.

Zehaztu duenez, Sidenorrek altzairu bereziaren ekoizpena automobilgintzara bideratzen du, eta itsasoko industria eolikoari egiten dizkion salmentak "guztiz marjinalak" dira; izan ere, salmenta osoaren % 2 baino gutxiago suposatzen du.

Testuinguru horretan, munduko energia eoliko offshorearen garapenean Sidenorren salneurriek "ia eraginik" ez dutela esan du altzairugileak.

Bestalde, urriaren 31ra arte, Sidenorrek ez du prezioen igoerarik aplikatu energia elektrikoaren garestitzearen ondorioz. Honenbestez, argindarraren prezioaren gorakada "ikaragarria" bere gain hartu du enpresak orain arte. "Urrian soilik 8 milioi euroko murrizketa suposatu du bere kontuen emaitzan", nabarmendu du.

Gainera, "Sidenor energia elektrikoa prezio itxiko kontratu baten bidez erosten ari denik ez da egia", ziurtatu du enpresak.

"Otsailetik, argindarraren prezioa gora egiten hasi zenean, Sidenorrek ez du Iberdrolaren inolako eskaintzarik jaso salneurrien bilakaera negatiboari aurre egin ahal izateko", adierazi du altzairugintzako talde industrialak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Elektrizitatea Energia berriztagarriak Energia