Ekonomia -

'12 minutos'

Yolanda Díaz: "Lan merkatuaren erreforma handiarekin hasiko dugu urtea"

Espainiako Gobernuaren bigarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroak ETBn aurreratu duenez, datorren aste honetan berrikuntzak egongo dira Lan Erreformaren inguruan.

Yolanda Díaz, '12 minutos' saioan. Argazkia: EiTB
Yolanda Díaz, '12 minutos' saioan. Argazkia: EiTB
Yolanda Díaz, '12 minutos' saioan. Argazkia: EiTB

Manu Gimenez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroak iragarri du 2022a "lan merkatuaren erreforma handiarekin" hasiko dela, lantzen ari diren Lan Erreformari erreferentzia eginez.

ETB2ko '12 minutos' saioan egindako elkarrizketan buruzagi galiziarrak aurreratu duenez, datorren aste honetan bertan egon daitezke berrikuntzak fintzen ari diren testuaren inguruan.

Diazen esanetan, Lan Erreformari buruzko akordioa iristear da, eta aste honetan "artikuluz artikulu idazten" aritu dira "urteko testu garrantzitsuena".

Arauaren puntu garrantzitsuenen harira, ministroak esan du "Espainiako behin behinekotasuna" landuko duela. "Europako anomalia gara, eta europartu egingo gara. 12,5 puntuko distantzia dugu behin behinekotasunean Europar Batasunarekiko, eta behin behinekotasuna prekarietatea da, bizitza prekarioak, bizitza txarak, lan prekarioak, eta enpresa prekarioak", gaineratu du.

"Negoziazio kolektiboaren berroreka"

Horren harira, erreforman "negoziazio kolektiboaren berroreka" sartuko omen dute, "oinarrizkoa baita enpresarien eta langileen harremanetarako".

Gainera, Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostenen baliagarritasuna azpimarratu du, eta antzeko "barne malgutasun mekanismo bat" sartuko omen dute erreforman, "ehunka eta milaka lanpostu eta enpresa salbatzeko" balio izan duelako. "Oinarrizko pieza izango da", berretsi du.

EAJk euskal negoziazio kolektiboaren markoa blindatzeko egindako eskaerari dagokionez, adierazi du alderdi politikoekin hitz egiteko prest dagoela, baina ez du argitu puntu hori: "Oraindik ez dugu behin betiko testurik".

Proiektu politiko propioa

Azken asteotan asko hitz egin da Yolanda Diazek Espainiako politikan hartu duen ospeaz eta Espainiako gobernuburu izateko dituen aukerez, baina Diazek argi adierazi nahi izan du uneotan bere ardura bakarra "gobernatzea eta legegintzaldia amaitzea" dela.

Herritarrak "entzuteko prozesu bat"

Dena den, etorkizunari begira eskuartean proiektu politikoa duela aitortu du, baina ez dela "hautagaitza bat" izango, baizik eta herritarrak "entzuteko prozesu bat": "Uste dut nire herrialdeak herritarren arazoen inguruko elkarrizketa lasaiak, publikoak, behar dituela".

Bestalde, eta Ivan Redondok balizko hauteskunde aurrerapenari buruz esandakoak hizpide, esan du "inork ere ez" lukeela ulertuko "gure herrian hauteskundeak aurreratzea egoera zalantzati honetan, gaizki pasatzen duten pertsonak dauden bitartean".

Aita santuari bisita

Azkenik, presidenteordeak azpimarratu du ofiziala izan zela Francisco aita santuari egindako bisita, Espainiako Gobernuaren izenean egin zuela, eta salatu du eskuinetik kritikatzen dutenak "Voxen eskuin muturrak bahituta" daudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Politika Langabezia Lana Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Yolanda Diaz gaur