Ekonomia -
mugikortasuna
AHTren Burgos-Gasteiz linearen azterlana onartu dute, 1.200 milioi eurorengatik
Azterlanak bidaiarien zirkulazio esklusiborako linea berria mahaigaineratzen du, eta 50 orduko kilometroko abiadura maximoa.
agentziak | eitb media
Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak behin betikotasunez onartu du Burgos eta Gasteiz arteko Abiadura Handiko Linearako Proiektuaren Azterlan Informatiboa. Ia 1.200 milioi euroko inbertsioa izango du lanak.
Azterlanak bidaiarien trafiko esklusiborako linea berria mahaigaineratzen du, eta 350 orduko kilometroko abiadura maximoa. Ibilbideak 93,6 kilometro izango ditu, burdinbide bikoitzarekin, eta Burgosetik Gasteizera 30 minutuan iristea baimenduko du. Linea berriak bi tarte izango ditu, Burgos-Pancorbo eta Pancorbo-Gasteiz.
2018ko urtarrilaren 10ean lehen aldiz argitaratu zuten Estatuko Aldizkari Ofizialean azterlan informatibo hau publiko egiten zuen iragarkia.
Aurtengo abenduaren 1ean, Adifek lehiaketara atera zituen Burgos-Gasteiz abiadura handiko linea eta Arabako hiriburuko trenbidea lotuko dituen plataforma eraikitzeko lanak, 33,3 milioi euroren trukean eta gauzatzeko 12 hilabeteko epearekin.
Europar Batasunaren Next Generation funtsek finantzatuko dute lana, eta A-4302 errepidearen gaineko 70 metroko zubibide baten eraikuntza hartuko du barne, baita Madrid-Hendaia ohiko linearen gaineko pergola batena ere, 115 metroko luzera izango duena.
Ibilbidea uholde-arriskua izan dezaketen Zadorra ibaiaren inguruko guneetatik igarotzen da eta, hortaz, ikerketa bat egin dute URA agentziarekin batera, linearen eta Jundizeko etorkizuneko geltoki intermodalaren uholde-arriskuaren inguruan.
Burgosen eta abiadura handiko euskal sarearen arteko lotura, "euskal Y" gisa ezaguna, azpiegituraren garapenerako egiteko gelditzen ziren kontuetako bat zen, Nafarroarekiko loturarekin batera; AHTren hiriburuetarako sarreraren inguruko zalantzak argitu ostean.