Ekonomia -
zergak
Espainiako Gobernuak diru-sarreren araberako kuota berriak proposatu ditu autonomoentzat
Kuota minimoa hileko 183 eurokoa izango litzateke diru-sarrera urrieneko autonomoentzat eta maximoa, berriz, hileko 1.260 eurokoa. 2023tik aurrera sartuko litzateke indarrean sistema berria.
agentziak | eitb media
Espainiako Gobernuak 13 tarte proposatu ditu autonomoek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak kotizatzeko, euren diru-sarreren arabera. 2023an sartuko da indarrean sistema berria eta, 2031an trantsizio aldia amaitzerako, kuota horiek 183,6 euroren (hileko 600 euro azpiko etekinak dituztenentzat) eta 1.267 euroren (4.050 euroak gainditzen dituztenentzat) artean egongo dira. Hala, Gizarte Segurantzako Ministerioaren proposamen berri honek bikoiztu egingo du 2021eko maiatzean diru-sarrera urrieneko langileentzat jasotako ekarpen minimoa.
Ostegun honetan bildu dira langile autonomoen elkarte nagusiak eta gizarte eragileak, eta tarifa finko bat ezartzea ere proposatu dute, baina gutxieneko etekin batzuei lotetsia, "lanbide arteko gutxieneko soldataren testuinguruan".
2023rako aurreikusitako tarteak hileko 600 euroren azpiko etekinak dituztenekin abiatuko lirateke, eta 4.050 euroren gaineko etekinak dituztenentzako azken batekin bukatu.
Zenbatekoak aldatzen joango lirateke hemendik bederatzi urtera burutzea espero den trantsizioan, 2031ean hileko 183,6 euroen eta 1.267 euroen artean amaitzeko. Gobernuaren asmoa da sistema hori era progresiboan garatzea, hiru urtean behin berrikusketa eginez, eta adierazi du hiru autonomotik bik gutxiago ordainduko dutela kuota berriekin.
Hileko 600 eurotik azpiko etekinak dituztenen kasuan, sistema berriak Gizarte Segurantzaren kuotetan urteko 1.300 euro aurreztea suposatuko die. 600 eta 900 euroren arteko etekinak dituztenentzat, berriz (gizatalde honen parte esanguratsu bat), 600 euroko aurrezkia suposatuko luke urtero.
Proposamenaren arabera, Espainiako Estatuko 3 milioi langile autonomoek aldi baterako aukeratu ahal izango dute euren kotizazio-oinarria, etekin aurreikuspenen arabera. Hala, urte osoan zehar hautua sei aldiz aldatzeko aukera izango dute, etekinetara egokitzeko.