Itxi

2022/01/15

07:59

Ekonomia

Mobilizazioen 4. urteurrena

Pentsio publiko "duinak eta bidezkoak" eskatzeko manifestazio olatu berria, Hego Euskal Herrian

EITB MEDIA

Protestak 12:00etan abiatuko dira Gasteiz (Correos plaza), Donostia (Alderdi Eder), Bilbo (Kale Nagusia) eta Iruñean (Baluarte plaza), baita Eibar, Ondarroa, Tafalla, Altsasu eta Lizarran ere.

  • Pentsiodunen manifestazio bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

    Pentsiodunen manifestazio bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioak deitu ditu larunbat honetarako Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, baita Eibar, Ondarroa, Tafalla, Altsasu eta Lizarran ere. Alde batetik, 2018an hasitako mobilizazio masiboen laugarren urteurrena ospatu nahi dute, eta bestetik, pentsio publiko "duin, bidezko eta nahikoak" aldarrikatu.

Protestak 12:00etan abiatuko dira Gasteiz (Correos plaza), Donostia (Alderdi Eder), Bilbo (Kale Nagusia) eta Iruñean (Baluarte plaza), baita Eibar, Ondarroa, Tafalla, Altsasu eta Lizarran ere. Bizkaian, Ezkerraldetik eta Meatzaldetik bi zutabek Bilboko manifestazioarekin bat egingo dute 11:30ean.

Bizkaiko 20 pentsiodun baino gehiagok itxialdia hasi zuten ostegunean Irala auzoko lokal batean, Bilbon. Itxialdia larunbateko 11:00etara arte luzatuko da, 12:00etan Kale Nagusiko manifestazioarekin bat egiteko.

Era berean, Gipuzkoako pentsiodun talde batek beste itxialdi bati hasiera eman zion iragan astelehenean, eta larunbat honetan amaituko da mobilizazioen atarian.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuek mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. Adierazpen bateratu batean, mobilizazioei eusteko beharra defendatu dute, "abenduan onartutako lan erreformari eta pentsioen erreformari ezetz esateko".

"Kongresuak baliozkotu behar duen lan erreformak ez ditu aurrekoak indargabetzen; gainera, kaleratze indibidual eta kolektiboa merketu eta errazteko neurriak ez ditu ukitu, eta lurraldeko hitzarmenen gainetik Estatu mailakoak lehenesten ditu", kritikatu dute.

Euskal Herriko mobilizazio "masiboak" Estatuko pentsiodunentzako "eredu bat" dira

Bestalde, pentsioen erreformak "aurre-erretiroak murrizten ditu". Gainera, "2011ko pentsio erreformaren murrizketak" ez ditu indargabetzen, "eta erosteko ahalmenean hiru puntuko galera suposatzen du 2022an", erantsi dutenez.

"Gutxieneko pentsioek ziztrinak izaten jarraituko dute, urteak aldarrikatzen daramakigun 1.080 eurotik oso urrun. Pentsioen pribatizazioan sakontzeko ateak zabalik utzi dituzte", ohartarazi dute sindikatuek.

Oneka Euskal Emakume Pentsionisten plataformak kalera ateratzea eskatu die herritarrei. Salatu dutenez, gobernuen mugimenduak "gutxi izan dira", euren eskaerei "entzungor eginez". Onekaren hitzetan, "pentsiodun eta langile kolektiboentzako erreforma anker gehiago" onartu dituzte.

Emakumeen egoera bistaratu nahi izan du Onekak. Konkretuki, 1.000 euroren azpitik dauden pentsioen % 72,33 emakumezkoenak direla kritikatu du plataformak.

Azkenik, Espainiako eta beste erkidegoetako pentsiodunen elkarteek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako mobilizazioak babestu dituzte. Haien mobilizazio "masiboak" Estatuko pentsiodunentzako "eredu bat" dira, azpimarratu dutenez.

COESPE, ASJUBI40, Movimiento Andaluz en Defensa de las Pensiones Públicas, Federacion de Organizaciones Andaluzas de Mayores eta Movemento Galego en Defensa das Pensións e os Servizos Públicos kolektiboek, besteak beste, "elkartasuna" adierazi diete euskal pentsiodunei.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;