Ekonomia -
PENTSIOAK
Igoera gorabehera, pentsiodunek erosteko ahalmena galduko dute, ELAren arabera
Mikel Novalek (ELA) esan du pentsioak % 4,1 bat igoko direla, bizimodua, KPIa, % 5'5 igo den arren. Gutxieneko pentsioen kasuan, erosmen galera are handiagoa izango litzateke, % 3koa. Horregatik, mobilizazioekin jarraitzeko deia egin du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mikel Noval ELA sindikatuko Ikerketa Kabineteko arduradunak salatu duenez, onartu berri den pertsioen erreformarekin "pentsioek 1,4 puntu galduko dute erosteko ahalmena aurten, eta gutxieneko pentsioek, 2,5 puntu". Era berean, erreformak ez duela "KPIa bermatzen" kritikatu du.
Iaz, azaroan, pentsioak igotzeko aintzat hartzen den hilabetean, inflazioa % 5'5ekoa izan zela azaldu du ELAk. Espainiako Gobernuak aurten pentsioak % 2'2 igotzea erabaki du, eta honi eransteko, 1'6ko pagatxoa. Horren ondorioz, pentsioak % 4,1 igoko dira, bizimodua, KPIa, % 5'5 igo den arren.
Gutxieneko pentsioen kasuan, erosmen galera are handiagoa izango litzateke, % 3koa. Beraz, ELAren esanetan, Espainiako Gobernuak aurrerapauso handi modura aurkeztu zuen Pentsio Sistemaren Erreforma, baina galerak ekarriko dizkie pentsiodunei.
Sindikatuaren ustez, erreformak "ez du KPIa bermatzen, eta ez du aurrerapausorik ematen gutxieneko pentsioa 1.080 euroan kokatzeko". Gainera, ez du atzera egin erretiro-adina atzeratzeko eta pentsio berriak murrizteko asmoetan.
Testuinguru honetan, Pedro Sanchez presidenteari "errealitatearekin zerikusirik ez duten iragarkiak" egitea leporatu dio, eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin du, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua egiten ari den moduan.