Ekonomia -

Bizkaiko erresidentziak

Sindikatuek salatu dute % 100eko gutxieneko zerbitzuekin ezinezkoa dela grebak izan duen jarraipena ezagutzea

"Adinekoen egoitzetako langileen greba eskubidea urratzen dute % 100eko gutxieneko zerbitzuek, gaur jai zuten beharginek soilik egin dezaketelako protesta", kritikatu dute.

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen protesta. Argazkia: LAB
Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen protesta. Argazkia: LAB
Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen protesta. Argazkia: LAB

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko adinekoen egoitzetan ordezkaritza duten sindikatuek salatu dute "gehiegizko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela Eusko Jaurlaritzak erresidentzietan, eta ondorioz ezinezkoa dela gaurko greba egunak izan duen jarraipena zenbaterainokoa izan den jakitea. Gainera, kritikatu dute % 100eko gutxieneko zerbitzuek langileen eskubideak urratzen dituztela.

Guztira, 5.000 behargin zeuden deituta gaurko ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk antolatutako protesta ekitaldietara. Hiru deialdi ezberdin egin dituzte, nork bere aldetik, baina guztiak helburu berberarekin: lan baldintzak hobetzea. Bilbon deitu dituzte manifestazioak.

Alde batetik, ELAk Arriaga antzokitik Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaraino egin du martxa. Bestalde, LABek Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza parean egin du protesta. Bien bitartean, CCOO eta UGT sindikatuek Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialerako Departamentua aukeratu dute bilkurarako.

Guztiek, lan baldintza hobeak aldarrikatu dituzte, 5.000 beharginengan eragina duen lan hitzarmenak duen "blokeo" egoeraren aurrean. Pandemiak eragindako neke fisiko, psikiko eta emozionala ere izan dute gogoan.

Hala, sindikatu guztiek bat egin dute horri buruz egindako adierazpenetan: "Adinekoen egoitzetako langileen greba eskubidea urratzen dute % 100eko gutxieneko zerbitzuek, gaur jai zuten beharginek soilik egin dezaketelako protesta".

Era berean, salatu dute gutxieneko zerbitzuek esparru guztietan dutela eragina; bai zuzeneko arretan, bai garbiketan eta baita administrazioan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak gaur Lana albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Egoitza geriatrikoak Sindikatuak CCOO UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak gaur Bizkaiko Foru Aldundia albisteak