Ekonomia -
Udalak
EH Bildurentzat "premiazkoa" da udal finantzazioaren sistema berri bat lantzea
Koalizioak uste du udalek diru-sarrera gehiago behar dituztela, "geroz eta eskumen gehiago" dituztelako. Zerga sistema aldatzea ere eskatu du, zerga zuzenak gailen daitezen zeharkakoen gainetik.
Agentziak| eitb media
EH Bilduren ustez "premiazkoa" da udal finantzazioaren sistema berri bat lantzea udalek diru-sarrera gehiago izan ditzaten, zeren "geroz eta eskumen gehiago" dituzten heinean, "beti erakunde kaltetuenak suertatzen dira, eta herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira".
Koalizio abertzaleak ohar batean azaldu duenez, "positibo" jo dute EAEko hiru aldundiek 2021ean aurreko urtean baino % 14,4 diru gehiago jaso izana.
Hala ere, ohartarazi du ezin dela "irakurketa sinplea" egin, diru-sarrerak % 14,4 igotzeak ez duelako esan nahi "erakunde guztien diru-sarrerak portzentaje horretan handituko direnik".
"Gure kezka da gehinkuntza orokorra baino txikiagoa izango dela udalen diru-sarreren igoera", salatu du EH Bilduk, Ekarpen Lege berriak ez duelakoan "konpondu udalen finantzazio justu eta behar bestekoa izatea".
Astelehenean Herri-dirubideen Euskal Kontseiluak (HDEK) egingo duen bileran Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek izango dituzten diru-sarrerak zehaztuko dituzte, baina EH Bilduk gogorarazi du udalenak ezetz, hurrengo egunetan bilduko den Lurraldeko Finantza Kontseiluan erabakiko dituztela.
"Ekarpen Legeak udalek jaso behar duten gutxieneko portzentajea zehazten du, baina herrialde bakoitzak portzentaje ezberdina aplikatzen du eta diferentziak sortzen dira udalen artean, herrialdearen arabera", gaineratu du.
Azaldu duenez, "Ekarpen Lege berria onartu zenean, udalen finantzazioa kanpoan geratu zen, udalen finantzazioan nola eragingo duen azertu eta eztabaidatu gabe", gaineratu du.
"Ondo zehaztu behar da Aldundiak udalei emango dion portzentajea, eta adostu behar dira udalen arteko banaketa egiteko irizpideak zeintzuk diren. Hori dela eta, Eudelen planteatu dugu nola aragtuko den udal finantzazio berria", azaldu du.
Zerga sistemaren erreforma
Azkenik, ohartarazi dute 2021ean diru gehiago bildu dela zeharkako zergen bidez zuzenetatik baino, eta "zerga sistema justua izateko zerga zuzenek pisu handiagoa izan behar dute, norberak duen aberastasuna ondo zergapetzeko".
"Diru-bilketa horrek berriro mahai gaineratzen du zerga-sistema erreformatzeko beharra: gehien duenak dagokion proportzioan ordain dezan, zerga sistema justu, progresiboa eta behar sozialei egoki erantzuteko behar besteko diru-sarrerak bermatuko dituena", azpimarratu du koalizioak.