Ekonomia -
MONDRAGON KORPORAZIOA
Europako funtsak ez direla enpresetara iritsi oraindik ohartarazi du Mondragon Korporazioak
Mondragon Korporazioko presidenteak ez du uste taldea edo haren zati bat burtsara aterako denik, ezta epe luzera ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako diru funtsak ez direla enpresetara iritsi oraindik ohartarazi du Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidenteak. Edozein kasutan, "oso gai konplexua" dela onartu du.
Dirua garaiz iristea garrantzitsua da, Ucinen arabera. Izan ere azpimarratu duenez, Mondragon Korporazioak "itxaropen handiak" ditu funts horietan jarrita.
Mondragon Korporazioak dagoeneko iragarri du jasangarritasunarekin, digitalizazioarekin eta osasunarekin zerikusia duten hiru proiektu aurkeztuko dituela Europaren Next Generation diru funtsak lortzeko deialdira. Azaldu duenez, proiektu horiek 1.500 milioiko inbertsioa eta 6.400 lanpostu sortzea ekarriko lukete.
"Forum Europa-Tribuna Euskadi" jardunaldian parte hartu du ostegun honetan Iñigo Ucinek eta aipatu du ez duela uste taldea edo haren zati bat burtsara aterako denik, ezta epe luzera ere. Bestalde, Mondragon Korporazioaren erabakiguneak "beti" Euskadin mantenduko direla nabarmendu du.