Ekonomia -

2018-2019 LEP-a

Osakidetzaren lan eskaintzako lehen azterketak ekainaren 18-19an eta uztailaren 2-3an izango dira

Guztira, 1.610 lanpostu opatuko dituzte lehen fase batean. Probak, hurrenez hurren, Gasteizko EHUren Ikastegian eta Barakaldoko BECen egingo dituzte.

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018-2019ko Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) lehen azterketak ekainaren 18 eta 19an eta uztailaren 2 eta 3an izango dira Gasteizko EHUren Ikastegian eta Barakaldoko BECen, hurrenez hurren. Lehen probak Lehen Arretako profesionalentzat (familia-medikuak, pediatrak, emaginak...) eta Erizaintzako hainbat espezialitateentzat (lan osasunekoa edo osasun mentalekoa) izango dira; uztaila hasierakoak, aldiz, Administrazio, Erizaintza, Fisioterapia edota gizarte langileei zuzenduta egongo dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman du daten berri, ohar bidez, mahai sektorialaren bileraren ondotik. Sindikatuen gehiengoak ez du batzarrean parte hartu.

Osakidetzak iragarritako eskaintza publikoak 3.535 lanpostu eskaini zituen, bi fasetan banatuta. Lehen fase honetarako 1.610 plaza gorde dira, eta 38.654 pertsonak eman dute izena.  

Sindikatu gehienak mahaiaren bilerara joan ez izana deitoratu du Gotzone Sagardui buru duen Sailak, Osakidetzako langileriarentzat  "gai garrantzitsuak" aztertu dituztela gogorarazita, hala nola, Lanbide Garapenari buruzko aurreakordioa zehaztea edo LEPa. "Erabakiak hartzeko prozesua luzatzen ari da", erantsi du Sailak.

Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, bestalde, Osakidetzari leporatu diote negoziazio kolektiboa foro "huts eta baliogabe" batera eraman nahi izatea, mahai sektorialari zeharkako aipamena eginez. Halaber, egotzi diote negoziatzeko borondaterik ez izatea, asteazken honetan "kale egin" duelako sindikatuek Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilerara.

Ohar bateratu batean, kritikatu dute Osakidetzak gaur deitutako mahai sektoriala (sindikatuak ez dira azaldu) "informazioa emateko soilik" antolatu dutela. "Gai-zerrenda inposatzen dute gure aldarrikapenak kontuan izan gabe, telematikoki egiten dute batzarra osasun egoerak horrelakorik eskatzen ez badu ere, eta ez dute dagokien dokumentazioa bidaltzen", salatu dute.

Agertoki horren aurrean, alegia, "gizarteari eta langileei egindako mespretxuari erantzunez", sindikatuek egoera birbideratzeko eta zerotik hasten den "mahai" bat antolatzeko saiakera egin dute Lan Harremanen Kontseiluan, baina Osakidetzak ez du parte hartu nahi izan. "Are gehiago, ez dio atzo bidalitako gonbiteari erantzunik eman. Hortxe erakusten dute negoziaziorako duten asmoa", esan dute.

Deitutako profesionalak

·  Ekainaren 18a eta 19a: familia-medikua, pediatriako medikua, emagina, logopediako diplomatua, anatomia patologikoko teknikaria, optika eta optometriako diplomatua, dietetikako teknikaria, lan-osasuneko erizaina, osasun mentaleko erizaina, erradioterapiako teknikaria, osasun-dokumentazioko teknikaria, terapeuta okupazionala, audioprotesiko teknikaria 

·  Uztailaren 2a eta 3a: administraria, fisioterapeuta, erizaina, erradiodiagnostikoko teknikari espezialista, laborategiko teknikaria, gizarte-langilea 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Bilbao Exhibition Centre Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza