Ekonomia -
Elkarrizketa ETB-n
Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresentzako "neurri eta laguntza azkarrak" eskatu ditu
Aitor Urzelai SPRIko zuzendari nagusiak energiaren eta lehengaien prezioei mugak jartzeko eskatu die erakundeei, eta Europar Batasunari dirulaguntzak emateko "malgutasun gehiago" ahalbidetzea.
Mikel Dominguez | EITB Media
Aitor Urzelai Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako (SPRI) zuzendari nagusiak Ukrainako inbasioaren ondorioz kalteak jasan dituzten enpresentzako "neurri eta laguntza azkarrak" eskatu ditu, ETBko "Egun On Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Batetik, energiaren eta lehengaien prezioei "nolabaiteko mugak edo topeak" ezartzeko eskatu die Urzelaik erakundeei, eta, bestetik, elektrizitatearen prezioa gasarenetik erabat bereiztea garrantzitsutzat jo du, argindarraren salneurria jaisteko.
Azkenik, behin-behineko marko legal bat ezartzeko eskatu dio Europar Batasunari, "gobernu desberdinok malgutasun gehiago izan dezagun enpresentzako laguntza zuzenak bideratu ahal izateko". Horren harian, Europako funtsak bideratzeko prozesua bizkorragoa izatea ere nahiko luke.
SPRIren zuzendari nagusiaren hitzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak "errekuperazio bidean" harrapatu ditu Ukrainako gerrak, "baina oraindik erabat errekuperatu gabe". 2020ko barne produktu gordinaren beherakadaren ostean, 2021ean zerbait errekuperatu ziren, eta orain "ziurgabetasuna" da nagusi. Hori "ekonomiaren etsaia" dela adierazi du.
Ukrainako eta Errusiako merkatuek "nahiko garrantzi nabaria" dute EAEko ekonomiarentzat. Proportzionalki, inportazioetan du pisu gehien, baina enpresa batzuentzat "garrantzitsua" da. Kontratu asko bertan behera geratu dira, logistika arazoengatik edo debekuengatik, besteak beste.
"Kezkagarriena inportazioetan dago, inflazioagatik eta lehengaien eskasiagatik", esan du Urzelaik. Horren arabera, enpresa batzuen "errentagarritasuna zalantzan" jartzen ari da, kostuak asko handitu direlako, eta lantegi batzuetan "momentuko geldialdiak" egin behar izan direla adierazi du.