Ekonomia -
Turismoa
Aste Santuan Euskadi ezagutzera eta "bizitzera" gonbidatzen ditu bisitariak "Bizit" kanpaina berriak
Ingelesetik "visit" (bisitatu) eta euskaratik "bizi" berbak hartuta, "Bizit Euskadi" kanpaina abiatu du Jaurlaritzak, "esperientzia paregabea bizitzeko aukera" eman nahi dielako turistei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak, Aste Santura begira, turismoa sustatzeko "Bizit" kanpaina jarriko du martxan. Horren bidez, asmo du bisitariei Euskadi ezagutzeko, baina bereziki "bizitzeko" bultzada ematea.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok aurkeztu du kanpaina ostegun honetan, "apirileko oporraldian espainiar eta frantziar estatuetako zein Portugalgo bisitariak erakarri nahi ditugulako".
Ingelesetik "visit" (bisitatu) eta euskaratik "bizi" berbak hartuta, "Bizit Euskadi" kanpaina abiatu dute, beraz, "esperientzia paregabea bizitzeko aukera" eman nahi dielako turistei.
"Ikus-entzunezko kanpaina honekin erakutsi nahi dugu Euskadik duen aberastasun eta aukera turistikoa, nazioartean ezaguna den gastronomia eta hamaika plan eskaintzen dituzten inguruak baititugu gurean", esan du sailburuak.
Hurtadok gaineratu du kanpaina honekin Euskadiko turismoaren "indarra" ere ezagutarazi nahi dutela, "jasangarria eta arduratsua" delako, eta "bisitariak etxean bezala sentiarazi" nahi dituelako.
Ildo horretan, azpimarratu du horixe dela berriro itzultzeko eta enbaxadore bihurtzeko bisitariek behar dutena. "Euskadi bizitzea bilatzen dugu", bukatu du.