Ekonomia -

GARRAIOLARIEN GREBA

"Sabotajeak" salatu ditu ENBA sindikatuak eta neurriak hartzeko eskatu dio Segurtasun Sailari

Greban dauden garraiolariak gutxieneko zerbitzuak bermatzeko lanean ari diren ibilgailuen zirkulazio askea eragozten ari direla salatu du Euskal Nekazarien Batasunak.

Kamioi bat gurpilak zulatuta. Argazkia: ENBA
Kamioi bat gurpilak zulatuta
Kamioi bat gurpilak zulatuta. Argazkia: ENBA

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garraoilarien greba hasi zenetik bosgarren eguna betetzen den honetan, Bizkaiko ENBA sindikatuak "sabotajeak" eta "Camorraren gisako jarrerak" salatu ditu. Euskal Nekazarien Batasunak azaldu duenez, greban dauden garraiolariak gutxieneko zerbitzuak bermatzeko lanean ari diren ibilgailuen zirkulazio askea eragozten ari dira, eta esnea, animalia biziak, animalientzako pentsua eta sendagaiak garraiatzen ari direnak aipatu ditu. Halaber, "erantzukizun falta" aurpegiratu die greba deitu dutenei, eta, ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu dio haien aurka egiteko eta neurriak hartzeko.

Euskal Nekazarien Batasunak "grebalarien neurrigabeko indarkeria ekintzak" kritikatu ditu, eta "identifikatzeko eta premiazko neurri irmoak hartzeko" eskatu die Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta Barne Ministerioari.

Bizkaiko ENBAren arabera, mobilizazioak beste fase batean sartu dira, eta, une honetan, mobilizazioak baino Camorrarenak diruditen ekintza biolentoak dira, eta abeltzaintzaren jarduera eragozten ari dira.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatu die "irmo joka dezatela garraio-askatasuna bermatzeko eta abeltzainek animaliak elikatu ahal izateko". Segurtasun arloan premiazko neurriak hartzea ez ezik, erregaiaren igoerari aurre egiteko neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu dio Gobernuari, bi aste itxaron ezin duen kontua dela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Grebak Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Sindikatuen azken ordukoa Lan gatazkak Gatazkak garraio sektorean