Ekonomia -

Aurreikuspen ekonomikoa

Euskadiko hazkundea % 4,5ekoa izango da aurten, gerraren aurretik aurreikusitakoa baino 2 puntu gutxiago

Ukrainako gerraren ondorioek nabarmen jaitsi dute aurreko aurreikuspenaren hazkunde-maila.

2022an langabezia tasa % 9,5ekoa izango da
2022an langabezia tasa % 9,5ekoa izango da
2022an langabezia tasa % 9,5ekoa izango da

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiarako hazkunde-aurreikuspenak berrikusi eta 2,2 puntu jaitsi ditu, Ukrainako gerraren ondorioek eraginda; horren arabera, 2022an EAEko ekonomia % 4,5 haziko da, aurreko aurreikuspena baino 2,2 hamarren azpitik, eta 2023an % 4,1 haziko dela aurreikusten du.

Enpleguari dagokionez, 2022an langabezia tasa % 9,5ekoa izango da, eta 16.600 enplegu sortuko dira. Aurreko datuek % 9,2ko langabezia tasa eta 11.500 enplegu sortzea planteatzen zuten, eta 2023an, berriz, langabezia % 9,1ekoa izatea eta 8.000 enplegu sortzea aurreikusten da.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, "pandemiak eragindako arazoak bideratzen hasita zirenean eta konfiantza eragile ekonomikoengana itzultzen ari zen une batean, Errusiak Ukraina inbaditu izanak erabat aldatu du 2022-2023 aldirako mundu osoko egoera".

Nolanahi ere, "alarmistak" ez izateko eskatu du, urte honetarako eta hurrengorako EAEko BPGaren hazkundeak "sendoak" direlako eta enpleguarekin batera etorriko direlako. Azaldu duenez, gerrak "atzeratu" egingo du covid-ak eragindako krisiaren ondoren espero zen susperraldia.

Euskadi ez dago krisian, eta gerra aurretik adierazle guztiak "oso positiboak" zirela azpimarratu du, baina egia da Ukrainaren inbasioak egoera "zaildu" duela eta hazkunde ekonomikoa espero zena baino txikiagoa izango dela.

Gerraren eta Errusiari jarritako zigorren ondorioz, euskal ekonomiak "kalte ugari eta handiak" pairatzen ari dela gaineratu du. Adibidez, petrolioaren, gasaren eta elektrizitatearen prezioak "izugarri igo dira", eta horrek "energiaren erabilera intentsiboa egiten duten euskal enpresei eragiten die".

Jarduera kaltetuenen artean garraioa, metalurgiak, altzairutegiak, arrantza eta paperaren fabrikazioa daude. Zenbait enpresak "jarduera eten behar izan dute prezioaren igoera ezin izan dutelako bere gain hartu", deitoratu du sailburuak, eta "berehalako neurriak" eskatu ditu "kalte handiagoak saihesteko".

Inflazioaz gain, gerrak lehengaien eta metal industrialen eskasia ere ekarri du, nikela eta paladioa kasu, eta Errusia "erreferentziazko esportatzailea" da. Ez da ahaztu behar Ukrainak zerealak ematen dizkiela Europa eta Afrikako zati handi bati, eta, beraz, "manufakturak eta nekazaritzako elikagaien industria kaltetuta geratuko direla".

Nolanahi ere, gehien kaltetutako sektorea industria izango da, haren hazkunde-aurreikuspena % 6,6tik % 3,9ra murriztu baita. Gainerako jarduerak ere kaltetuko dira: eraikuntzak "intentsitatea galduko du" lehengaien eta zerbitzuen (batez ere familientzako zerbitzuen) garestitzearen ondorioz, "kontsumoaren moderazioa nabarituko da".

Hala, sailburuak azaldu duenez, gerrak sortutako ziurgabetasunak "gastuari eustera bultzatzen du", eta inflazioak ere mesede egiten dio, erosteko ahalmena kentzen baitie familiei. Horrela, pandemian pilatutako aurrezkiak denbora gehiago beharko du zirkulatzeko.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak uste du kontsumo pribatuak ia bi puntu egingo duela behera aurten, % 4,8ra arte, baina gastu publikoak "hedapen-tonuari eutsi" beharko dio, eta, beraz, lau hamarren igoko da aurten, % 3,2ra arte.

Inbertsioa (kapital-eraketa gordina) txikiagoa izango da, % 6,7tik % 5era igaroko baita antzeko arrazoiengatik: ziurgabetasuna, lehengaien garestitzea, eskariaren murrizketa eta eskaeren atzerapenak.

Esportazioei dagokienez, kanpo-eskari txikiagoa, ziurgabetasun handiagoa, inflazio handia eta botila-lepoak direla eta, "pentsatzen dugu merkataritza-saldoa negatiboa izan daitekeela aurten, eta positiboa, baina txikia, datorren urtean", azaldu du Azpiazuren Sailak ohar batean.

Horrenbestez, datozen hilabeteetako bilakaera ekonomikoa gatazkaren iraupenaren eta Europar Batasunak zergen eta monetaren arloan ematen duen erantzunaren araberakoa izango da, sailburuak ondorioztatu duenez.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak premiazko finantzaketa-neurriak prestatu ditu gerraren ondorioak arintzeko, horietako bat Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) eta Elkargiren arteko hitzarmen bat, Ukrainako, Errusiako edo Bielorrusiako enpresak bazkide komertzial gisa mantentzen dituzten enpresa txiki eta ertainentzako 10 milioiko finantzaketa-lerro bat aktibatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Industria sektorea gaur Kredituak gaur