Ekonomia -
Arrantza
Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleak itsasora atera eta berdel zein antxoarekin porturatu dira
Lanera itzuli diren lehen ontziek ia 10.000 kilo berdel eta bokarta ere deskargatu dituzte Ondarroako (Bizkaia) eta Getariako (Gipuzkoa) portuetan.
Agentziak | EITB Media
Bizkaiko eta Gipuzkoako inguraketa-ontziak astelehenen honetan ekin diote berriro arrantzari, nahiz eta azken asteetan gelditzera behartu dituen garraioaren grebak aurrera jarraitu. Izan ere, ez dute harrapaketak banatuko diren bermerik.
Berdelaren kasuan, gutxiago harrapatzeko baldintzarekin aterako dira: gehienez 30.000 kilo ontziko eta eguneko. Antxoaren kasuan, ez dute harrapaketa kuotarik murriztu. Ostiralean egindako bileran hartu zuten erabakia.
Lanera itzuli diren lehen ontziek ia 10.000 kilo berdel eta bokarta ere deskargatu dituzte Ondarroako (Bizkaia) eta Getariako (Gipuzkoa) portuetan.
Eusebio Arantzamendi Bizkaiko Kofradien presidenteak Radio Euskadin azaldu duenez, ontziak berdela zein bokarta deskargatzeko porturatu dira: "antxoa zertxobait, 300 edo 400 kutxa Getarian eta Ondarroan".
Era berean, produktua banatzeko garraioarekin "arazorik ez" izatea espero du Arantzamendik. Lanera bueltan baimendutakoaren erdia soilik harrapatzea adostu dute arrantzaleek.
Bestalde, Emiliano Sanchez Pasaiako lonjako handizkakoen presidenteak adierazi duenez, "kamioiak toki guztietara abiatuko dira, salbuespenik gabe"; ondorioz, ez dute zerbitzuan arazorik espero.
"Iragan astean salbuespenen bat egon zen, batzuk zailtasunak zituztelako, baina aste honetan printzipioz kamioi guztiak aterako dira, hori bai, gero bidean arazoren bat aurkitzea gerta daiteke", gaineratu du.
Era berean, Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak baieztatu du ontzi batzuk berdelarekin eta antxoarekin portura itzuli direla. Antza denez, Kantabria aldean harrapatu dute.