Ekonomia -
Greba Osakidetzan
Sindikatuek beste bi greba egun iragarri dituzte Osakidetzan, apirilaren 8rako eta maiatzaren 16rako
ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta Satse sindikatuek greba deitu dute apirilaren 8an lehen mailako arretan eta maiatzaren 16an ospitale sarean.
N. B. | EITB MEDIA
Sindikatuek beste bi greba egun iragarri dituzte Osakidetzan, apirilaren 8rako eta maiatzaren 16rako, Osasun Sailaren "immobilismoa" salatzeko. Apirilaren 8rako, lehen mailako arreta osoko langileak deitu dituzte grebara, eta maiatzaren 16rako, ospitale sare osokoak eta osasun mentalekoak.
ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon, "Osasun Publikoaren arrakala digitala, murrizketak eta pribatizazioak" salatzeko eta "inbertsio gehiago, Lehen Mailako Arreta indartzea, kolektibo ahulenak zaintzea eta lan-baldintza duinak" eskatzeko.
Aldi berean, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan lau greba egun deituko dituzte apirilaren 19tik apirilaren 22ra.
Sindikatuek adierazi dutenez, hilabete bete da Osakidetzako esparru guztietan deitutako azken greba egunetik, eta Osasun Sailak "ez du pauso bakar bat ere eman osasun-sistema publikoak bizi duen egoera larriari buelta emateko".
Horregatik, negoziazio "erreal" baterako deia egin ondoren, mobilizazioak iragarri dituzte, eta Osasun Sailak "pausorik ematen ez badu", mahai sektorialean ez dutela berriro parte hartuko eta protestekin jarraituko dutela adierazi dute.