Ekonomia -
Defizitaren aurkako borroka
Ogasun Ministerioak oniritzia eman die EAEko defizit aurreikuspenei
Gaur bukatuko da erkidegoek Espainiako Gobernuari "saneamendu plan sinesgarriak" aurkezteko epea.
Erredakzioa
Gaur bukatuko da gobernu autonomikoek Ogasunari saneamendu plan "sinesgarriak eta gauzagarriak" aurkezteko epea.
Hain zuzen ere, % 1,5eko defizit helburua betetzeko planak aurkeztu beharko dituzte. Hala lortu ezean, Espainiako Gobernuak esku hartu ahal izango du sei hilabete pasatutakoan.
EAEren kasuan, Ogasun Ministerioak oniritzia eman die jada aurrekontuei eta defizit aurreikuspenei, duela egun batzuk lehendakariak aurreratu zuenez.
Erkidego guztiek martxorako igorri zituzten euren planak, baina berrikusi behar izan dituzte. Gainera, Ogasunak hainbat zuzenketa exijitu zizkien, batik bat "diru-sarrera ez sinesgarriak" aurrez ikusteagatik, Antonio Beteta Administrazio Publikoetako Estatu idazkariak azaldu zuenez.
Gaur hornitzaileei ordaintzeko planak aurkezteko epea ere bukatuko da. Euskadik, Nafarroak eta Galiziak izan ezik, gainerako erkidegoek dirua eskatuko dute fakturak ordaindu ahal izateko.