Ekonomia -

euskadi irratia

Iker Elizburu, Wolfratex enpresako zuzendaria: "Gelditzeko etorri den produktua da musukoa"

Musukoak ekoizten dituen euskal enpresa horretako zuzendariak Euskadi Irratian adierazi duenez, enpresaren jarduna ez da horien derrigortasunarekin batera amaituko.

Musukoak, kalean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia
Musukoak, kalean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia
Musukoak, kalean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren asteazkenetik aurrera, Hego Euskal Herriko barrualdeetan musukoa ez da derrigorrezkoa izango; osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan eta garraioan izan ezik.

Asteartean onartuko da araudi berria, eta biharamunean sartuko da neurria indarrean.

Pandemia lehertu eta hasieran musukoak Txinatik ekarri arren, berehala hasi ziren Bergarako Wolfratex enpresan ekoizten. Etorkizunera begira, autonomoak izateko gaitasuna erakutsi izana azpimarratu du enpresako zuzendariak Euskadi Irratiko Amarauna saioan.

Etorkizunean balizko pandemia bat egongo balitz, herri gisa autonomoak izateko erakutsi duten fabrikazio gaitasuna "interesgarria bezain garrantzitsua" dela adierazi du Iker Elizburu enpresako zuzendariak.

Horrelako egoera baten aurrean, ezinbestean, "babestuta" egon beharko ginatekeela uste du eta, horretarako, "bertan geratu behar dugu". Bertako industria baten alde egin du, "autosufizientea eta independentea".

Azken bi urteotan 90 milioi ale ekoitzi dituzte Larramendi poligonoko enpresa horretan eta, makinak gelditu gabe, minutuan 200 musuko baino gehiago ekoiztera iritsi dira.

Elizbururen arabera, "hasieran, bost errelebotara ibili ginen 365 egun, gelditu gabe". Orain, nahikoa dute errelebo batera edo bitara lan egitearekin: "azkenean, ekoizpenaren malgutasuna lortu behar izan dugu".

Musukoaren erabilera asteazkenetik aurrera nabarmen murriztuko den honetan, goizetik gauera ez dela desagertuko dio. Izan ere, "jendeak segurtasun puntu bat lortu du musukoarekin, adibidez hotzeria edo gripe baten aurrean".

Hori dela eta, "gelditzeko etorri den produktu bat" dela uste du Wolfratexeko zuzendariak, "supermerkatu eta farmazietako linealean" topatuko duguna.

Ondorioz, musukoen ekoizpenak enplegua bermatuko dielakoan dago, unean uneko egoerara egokituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur EAE Gizartea albisteak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia Enpresaburuak COVID kasuak Maskarak covid-19