Ekonomia -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Mitxel Lakuntza: "Lan istripuen erdiak gertatzen dira kontratuaren lehen bi hilabeteetan"
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko egunaren harira, ELAko idazkari nagusiak salatu duenez, enpresek ez dute legea betetzen eta administrazioak ez du behar besteko presioa eta ikuskaritza egiten.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko eguna den honetan, lan istripuen erdiak kontratuaren lehen bi hilabeteetan gertatzen direla azpimarratu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. Horren hitzetan, "enpresa askok ez diote beldurrik ikuskaritzari, eta horren adierazle da istripu kopurua''. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, enpresek ez dute legea betetzen eta administrazioak ez du behar besteko presioa eta ikuskaritza egiten.
Bestalde, soldatak Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera igotzea defendatu du. Bezperan, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak Euskadi Irratian adierazi zuen gorakadak neurrikoa izan behar duela eta, beti ere, azpiko inflazioari lotuta. Osterantzean, inflazioa are gehiago handituko dela ohartarazi zuen. Lakuntzaren iritziz, ordea, Azpiazuk jakin beharko luke arazoaren jatorria non dagoen: "Nahita fokua beste toki batean jartzen da, soldatetan, baina arazoa energiaren ereduan dago".
Soldaten igoera eta prekarietatearen aurkako borroka izango dira ELAren maiatzaren 1eko aldarri nagusiak. Sindikatuak berriki emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko 541.000 langile prekaritate egoeran daude. ELAko idazkari nagusiaren esanetan, "hor ez daude denak", eta kontatzen dira behin-behinekoak, kontratu finkorik ez dutenak, kontratu partzialak dituztenak eta 18.000 eurora iristen ez direnak.
ELAko idazkari nagusiak zerga igoera exijitu du berriro: "Korronte eta posizio neoliberalietan egon direnek ere esan dute ez dela zergak jaisteko garaia, justu kontrakoa. FMIk ere bai. Oso garbi ikusten da, FMI berak ere ezkerretik pasa du Eusko Jaurlaritza".
Zedarriak foroak egindako txostena ere hizpide izan du. Mitxel Lakuntzaren ustez, lobby enpresarial bat da eta txosten horretan Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote beste pauso bat emateko, eta besteak beste, zergak jaisteko eta gastu publikoa murrizteko.