Ekonomia -

Argindarraren salneurria

Portugalek iragarri duenez, gasaren prezioari muga jartzeko iberiar proposamena onartu du Europako Batzordeak

Europako Batzordeko bozeramaile batek, ordea, oraindik erabaki formalik ez dela hartu esan du.

Europaren Etorkizunaren inguruko Konferentzia, Estrasburgon (Frantzia). Argazkia: EFE
Europaren Etorkizunaren inguruko Konferentzia, Estrasburgon (Frantzia). Argazkia: EFE
Europaren Etorkizunaren inguruko Konferentzia, Estrasburgon (Frantzia). Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Costa Portugaleko lehen ministroak gaur iragarri duenez, gasaren prezioari muga bat jartzeko, iberiar proposamenari oniritzia eman dio gaur Europako Batzordeak. Portugal eta Espainia lanean ari dira, legedia astearte honetan bertan onartu ahal izateko, erantsi du. Europako Batzordeko bozeramaile batek, ordea, oraindik erabaki formalik ez dela hartu esan du.

"Gasaren igoerarekin argindarraren prezioa kutsatzea saihesteko, Portugalen eta Espainiaren proposamena onartu du Europako Batzordeak gaur goizean. Neurri oso garrantzitsua da", adierazi du Costak Estrasburgon (Frantzia).

"Legedia nola onartu, Espainiako Gobernuarekin lankidetzan, aztertzen ari gara une honetan, eta bihar onartu ahal izateko ahalegin guztiak egingo ditugu", gaineratu du.

Portugaleko gobernuburuak gogorarazi duenez, Espainian Ministroen Kontseilua asteartean bildu ohi da, eta Lisboako Exekutiboak egun berean egiteko asmoa du.

"Ezohiko kontseilua egingo dugu neurria onartzeko, eta Iberiar Penintsula osoan aldi berean sartuko da indarrean", azaldu du.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren iturriek baieztatu dutenez, Bruselaren oniritzia jaso ondoren, "Ministroen Kontseilura bihar edo lehenbailehen eramateko lanean ari dira".

"Nahiz eta oraingoz erabaki formalik ez hartu, Batzordea Espainiako eta Portugaleko agintariekin harremanetan dago, neurriaren diseinua zehazteko", azaldu du Europako Batzordeko bozeramaile batek.

Neurri teknikoaren zirriborro bat "orain dela gutxi" jaso du EBko Exekutiboak, "xehetasun garrantzitsu askorekin". Hala ere, gaurdaino "aurretiazko balorazio bat" soilik partekatu izan dutela ziurtatu du Europako Batzordeko bozeramaileak.

"Oraindik informazioaren zain gaude, eta jakinarazpen formalean jasotzea espero da, laster. Batzordearen helburua erabaki sendo eta legala lehenbailehen hartzea da", zehaztu du bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Portugal Elektrizitatea Gas naturala