Ekonomia -
Energia
Gasaren prezioari muga jartzeko neurria "egun edo aste gutxi barru" indarrean izatea espero du Riberak
Bestalde, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak ezohiko Ministroen Kontseilua iragarri du ostiralerako, neurria martxan jartzeko asmoz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasaren prezioari muga jartzeko eta kontsumitzaileen faktura elektrikoa murrizteko mekanismoa, "egun edo aste gutxi barru guztiz martxan" izatea espero du Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak.
"Espainiak eta Portugalek xedapenak hartzeko azken fasea baliatzea da garrantzitsuena orain", azaldu du ministroak Senatuaren ateetan.
Europako Batzordeak "eskema onartu du, baina komisarioek erabaki formala hartu behar dute orain, mekanismoa aplikatu ahal izateko", hirugarren presidenteordeak adierazi duenez.
Bestalde, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak ezohiko Ministroen Kontseilua iragarri du ostiralerako, neurria martxan jartzeko asmoz.
"Mekanismo guztia definiturik eta Europako Batzordeak egindako eskaeretara egokitu dugu. Bi gobernuen erabakiak bat datozela egiaztatu eta aldi berean onartu nahi dugu indarrean sartzeko", nabarmendu du Rodriguezek.
Atzo arratsaldeko azken orduan, Bruselak argitu zuen Europako Batzordeak oraindik ez duela erabaki "formalik" hartu Espainiak eta Portugalek egindako proposamen iberiarrari buruz, eta bi herrialdeetako agintariekin harremanetan jarraitzen duela neurriaren diseinua zehazteko.
Antonio Costa Portugalgo lehen ministroak gasaren prezioari gehienezko muga hori jartzeko oniritzia bazutela iragarri ondoren etorri zen Europako Batzordearen azalpena.
Hala ere, Europako Batzordeko bozeramaile batek zehaztu du Europako Batzordeko Lehia zerbitzuek Madrili eta Lisboari helarazi zietena "aurretiazko azterketa" zela, eta oraindik informazioa egiteke zegoela, baina jakinarazpen formala "laster" iristea espero duela.
Zehazki, Bruselak "adostasun-gutuna" bidali zien bi hiriburuei. Gutun horretan, Europar Batasuneko agintariek behin betiko oniritzia emango dutela bermatzen dute, Ministroen Kontseiluan onartzen den azken araudia jakinarazitakoarekin bat badator, iturri diplomatikoek gaineratu dutenez.
Atzo, Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak ez zuen baztertzen neurria aste honetako Ministroen Kontseilutik pasatzea, baina azkenean atzeratu egingo da, joan den astean egin zuten bezala.