Itxi

Ekonomia

ENERGIA

Santurtziko erregai sintetikoen plantak CO2 isuriak murriztuko ditu hidrogeno berdearekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bilboko deskarbonizazio-zentroak erregai sintetikoen instalazioaz gain, gasa sortzeko instalazio bat izango du, hiri-hondakinak erabiliz. Zentroaren lehen harria ostiral honetan jarri dute.

0:42
Ekitaldia Bilboko Portuan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Erregai sintetikoen planta berria Bilboko portuan egiten hasi diren Deskarbonizazioko zentroko proiektu nagusia da. Haren, helburua CO2 murriztea eta karbono monoxido (CO) bihurtzea da, CO2a atmosferara joan ez dadin. Horretarako, hidrogeno berdea erabiliko dute, energia berriztagarriarekin ekoitzia.

Horri esker, hidrokarburo bat sortuko dute, "gasolina edo gasolio baten bereizezina, zero isurketekin", Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak ostiral honetan zentroko lehen harria jartzeko ekitaldian azaldu duenez.

Proiektu horren atzean Petronor eta Kutxabank daude, eta, gainera, Enagas, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Saudi Aramco ditu bazkide.

Erregai sintetikoen instalazio hori 10 MW-ko elektrolizatzaile batek sortutako hidrogeno berriztagarriz elikatuko da. Momentuz, proiektua Repsol Technology Lab-en gauzatzen ari dira, non zientzialari talde batek hidrogeno berriztagarria eta CO2 erregai sintetiko bihurtzeko teknologia garatzen ari den.

Hori lortzeko, Repsolek eta Saudi Aramcok bazkide teknologiko gisa Johnson Matthey konpainia britainiarra eta Axens frantziarra batu dituzte. Hala, soluzio teknologiko berri hori lehen aldiz aplikatuko da Bilboko erregai sintetikoen instalazioan.

Instalazioaren hasierako etapan aurreikusitako zenbatespenen arabera, urtean 18.000 upel erregai sintetiko baino gehiago ekoitziko lituzkete, Bilbo-Madril aire-ibilbideko erregai-beharrak urte oso batez betetzea ahalbidetuko lukeen kopurua.

Gasa sortzeko instalazioa

Deskarbonizazio-zentroaren bigarren proiektua balorizaziora bideratuko da, papera, kartoia, plastikoak edo oihalak bezalako hiri-hondakinak oinarri hartuta. Osagai horiek, dagoeneko bizitza erabilgarria amaitu dutenak, energia eta material berriak sortzeko aprobetxa daitezke.

Kasu horretan, lortutako olioa edo gasa Petronorrek bere ekoizpen-prozesuetarako behar duen erregai tradizionalen kontsumoa partzialki ordezteko erabiliko da.

Bilboko portuko Deskarbonizazio Hubak 103 milioiko inbertsioa izango du lehen fasean, hasieran aurreikusitako 80 milioien gainetik, eta bi urteko epean martxan egotea aurreikusi dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena