Ekonomia -
Kutxen Legea
Legebiltzarrari kutxetan ordezkaritza kentzea adostu dute EAJk eta PPk
Euskal Kutxen Legearen proiektua aztertu duen lantaldeak bukatutzat eman du lana. Hilaren 25ean onartuko dute txostena.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak orain arte hiru euskal kutxetan zuen ordezkaritza kentzeko akordioa sinatu dute EAJk eta PPk, eta, horrela, erakunde sortzaileek ordezkaritza handiagoa izango dute.
Euskal Kutxen Legearen proiektua aztertu duen lantaldeak bukatutzat eman du lana, eta hilaren 25ean onartuko dute txostena, dagokion batzordean.
Aurrerantzean, beraz, horrela egongo da banatuta kutxetako ordezkaritza: % 48, ezarleen esku; % 17, erakunde sortzaileentzat; % 7, langileen esku; % 6, Batzar Nagusientzat, eta gainerako % 5a hainbat erakunde sozial eta kultural zein hezkuntza arloko ordezkarirentzat.
Orain arte ordezkaritzaren % 5 zuen Eusko Legebiltzarrak bere esku, eta zenbateko hori erakunde sortzaileen esku egongo da aurrerantzean: Foru aldundientzat eta hiriburuetako udalentzat.
Gainera, akordio horri esker, erakundea gobernatzen duen taldearen esku egongo da aukeratzea kutxetako batzarretan parte hartuko duten erakunde sortzaileen ordezkariak, eta kutxa bakoitzak Kutxabanken izango duen ordezkaria ere % 51 bere esku duenak aukeratu ahal izango du.
Hirugarren aldaketa bat ere badakar lege proiektuak. Aurrerantzean ez da beharrezkoa izango Kutxabankeko administrazio kontseilua berriztatzea, eta hiru kutxetako batek eskatuta bakarrik jarriko da martxan.
Behin legea onartuta, lau hilabeteko epea izango dute kutxetako zuzendaritza organoak legea berriak ezartzen dituen baldintzak betez berritzeko.