Ekonomia -
Greba Bizkaiko farmazietan
Greba eguna dute gaur Bizkaiko farmazietako soldatapeko langileek
Lan hitzarmen berria eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko. Besteak beste soldatak igotzea, plusak ordaintzea eta lan egutegia murriztea eskatzen dute, egun 1760 ordukoa dena.
EITB Media
Bizkaiko farmazietako soldatapeko farmazialari eta langileek greba eguna dute gaur eta, beraz, farmazietako jabeak ari dira lanean botiketan.
Langileak kalera atera dira eguerdian. Lan hitzarmen berria eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko. Besteak beste soldatak igotzea eta lan egutegia murriztea eskatzen dute, egun 1760 ordukoa da.
Plusak kobratzea dute aldarri nagusietako bat, izan ere, Olatz Miguel farmazietako langileen batzordeko ordezkariak azaldu duenez, gaur egun kobratzen diren plusak, kobratzen direnak, "barregarriak" dira. Gaueko txandan lan egindako ordu bakoitzagatik, esaterako, 82 zentimo gehiago soilik jasotzen dituzte,
Bestetik, ardura-plusak eskatzen dituzte, bai eta erregentziak hobeto ordainduta egotea ere.
Diotenez, pandemia garaian baldintza are kaxkarragotan egin behar izan dute lan eta, hala ere, salatu dute patronalak ez duela inolako konpentsaziorik emateko asmorik agertu.
Horrez gain, patronalak hitzarmenaren negoziazioan agertzen duen seriotasun falta salatzen dute; "bileretara gaiak prestatu gabe etortzen dira", deitoratu dute.
Gaurko protesta egunari segida emateko, ekainaren 7rako ere greba deitu dute eta patronalak bereari eusten jarraitzen badu, mobilizazio gehiago eta gogorragoak iragarri dituzte.