Ekonomia -

Etxebizitza

Etxebizitza Sailak 71 milioi euro bideratuko ditu alokairu sozialera eta etxebizitzen birgaitzera

38 milioi bideratuko dira birgaitze-programak finantzatzeko, 19 milioi alokairu babestua sustatzeko eta 14 milioi alokairu sozialeko eta etxebizitzak birgaitzeko ekimen eta proiektuei emandako kredituen interesak diruz laguntzeko.

Etxebizitza bloke bat. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Etxebizitza bloke bat. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Etxebizitza bloke bat. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bitartez 71 milioi bideratzea alokairu sozialerako eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza programak finantzatzera.

Zehazki, 38 milioi euro egiturazko berrikuntzen (estalkiak eta fatxadak), irisgarritasunaren (igogailuak instalatzea, batez ere) eta energia-efizientziaren bidez bizitegi-eraikinak eta etxebizitzak birgaitzea bultzatzera bideratuko dira.

Horietatik 9 milioi ekitaldi honetan ordainduko dira. Gainera, 2022an bertan 24 milioiko gastuak konprometituko dira 2023rako eta 2,9 eta 2 milioikoak hurrengo bi urteetarako, hurrenez hurren.

Aipatutako diru-laguntzen bidez 250 milioi eurotik gorako inbertsio pribatuak mobilizatuko direla kalkulatu da, jabeen komunitateen kontura, batez ere.

Alokairu babestua sustatzera 19 milioi euro bideratuko dira guztira: 1,7 milioi ekitaldi honetan sortuko dira, eta 2022an bertan 5,5 milioiko gastuak konprometituko dira 2023rako, eta 11,8 milioikoak 2024rako.

Funtsak, batez ere, sustapen berriko eragiketak sustatzeko eta aldez aurretik zeuden etxebizitzak birgaitzeko erabiliko dira, sustatzaile publiko eta pribatuek alokairu sozialeko eta eskuragarriko etxebizitzak egiteko, bai eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko ere.

Halaber, gizarte-ekimenaren bidez cohousing-a edo etxebizitza kolaboratiboak sustatzeko, Alokairu programa sustatzeko (lankidetza publiko-pribatuko mekanismo berri honekin Jaurlaritzari eraikin pribatuak epe luzera lagatzen zaizkio inbertsore instituzionalentzako errenta ziurtatuen bidez) eta eremu hustuetan alokairurako jarduketak sustatzeko ere bideratuko da diru hori.

Gainera, 14 milioi euro bideratuko dira hurrengo 20 urteetan alokairu babestuko etxebizitzak eta birgaitze integrala sustatzeko helburuz (irisgarritasuna, energia-efizientzia, digitalizazioa, eraikinen azterketa teknikoen ondoriozko obrak eta etxebizitza hutsen mobilizazioa, aurretiazko birgaitzeren eta/edo eraberritzearen bidez) finantza-erakundeek sustatzaile publiko eta pribatuei, etxe eta jabeen komunitateei, irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta erabilera-lagapeneko kooperatibei Jaurlaritzak EAEn diharduten kreditu-erakundeekin dituen finantza-hitzarmenen bitartez ematen dizkieten kredituen interes-puntuak diruz laguntzeko.

2020an, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen helburu horretara 66 milioi euro bideratzea 2020-2022 aldirako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza Dirulaguntzak