Ekonomia -
Euriborra
Euriborrak % 0,287an itxiko du maiatza eta hipotekek gorantz jarraituko dute
Sei urtez negatiboan egon eta apirilean balio positiboetara igaro ondoren ( % 0,013), indizeak gora egiten jarraitzen du Europako Banku Zentralak (EBZ) diskurtsoa aldatu ondotik. Laster interes-tasak igoko ditu, gainera, erakundeak, inflazioaren gorakadari aurre egiteko.
O. P. | EITB Media
Hamabi hilabeterako Euriborrak hazten jarraitu du hil honetan ere eta % 0,287an itxi du maiatza, apirilean lehen aldiz sei urte baino gehiagotan eremu negatiboa atzean utzi eta % 0,013an itxi ondoren. Igoera honek indize horri lotutako hipoteka aldakorrak garestitzea ekarriko du.
Euriborra eremu negatiboan egon da 2016. urtetik, euroguneko susperraldia sendotzeko Europako Banku Zentralak (EBZ) ordutik jarraitutako politika ultra-hedakorren ondorioz. Erakunde horrek bere jokamoldea eta diskurtsoa aldatu ondotik, ostera, goraka doa indizea. Gainera, euroguneko interes-tasak igoko ditu erakundeak inflazioaren gorakadari aurre egiteko. Uztailean hartuko du ziurrenik erabakia, eta hamarkada batean egindako lehen gorakada izango da.
Moneta-politikaren normalizazio horren ondorioz, Euriborrak igoera handiak izan ditu urtea hasi zenetik; 2021eko abendua -%0,502ko hileroko tasarekin ixtetik joan den apirilean % 0,013ko balio positiboa izatera igaro da.
Astearte honetan, hileko azken egunean, eguneko tasa % 0,390ekoa izan da, eta maiatzeko batez bestekoa % 0,287koa. Espainiako Bankuak datu horiek berresten baditu, oinarrizko 27 puntuko igoera izango du azken hilean, eta oinarrizko 76 puntukoa iazko maiatzean erregistratutako % -0,481arekin alderatuta.
Hamabi hilabeterako Euriborra da Espainiako hipoteka aldakorren adierazle nagusia. Ondorioz, igoera horrek hipoteken kuotak handitzea dakar berekin.
Maiatza % 0,287ean itxita, adibidez, 20 urterako 150.000 euroko hipoteka batek, berrikuspena tokatzen zaion Euribor +%1eko diferentzialarekin, 51 euroko igoera izango du hilean hileko kuotan, edo, bestela esanda, 613 eurokoa urtean.