Ekonomia -
LAN GATAZKA
Elkarretaratzea Bilbon eta manifestazioa Madrilen, Correosen lehen greba egunean
ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Bilboko egoitzaren aurrean. Gainera, milaka langilek protesta egin dute Madrilgo erdialdean, CCOOk eta UGTk deituta.
EITB MEDIA
ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan, Correosen egoitza aurrean, Bilbon, kalitatezko posta zerbitzu unibertsal baten defentsan. Era berean, enpresa publiko bezala mantentzea eta lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte.
Bestalde, CCOOk eta UGTk hiru greba egun deitu dituzte Correosen, antzeko leloekin. Horrela, lanuztea ostiralera arte luzatuko da, posta zerbitzu publiko eta lan baldintza duinen defentsan.
ELAk, LABek eta ESKk ez dute Espainiako Estatuan deitutako grebarekin bat egin nahi izan, nahiz eta elkarretaratzea egun berean egin.
Enpresak finantziazio "nahikoa" izatea eskatu dute hiru sindikatuen ordezkariek, herritarrei kalitatezko zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko.
Zentzu horretan, izaera publikoa "zalantzan ez jartzea" eskatu dute; ikuspuntu horretatik, zuzendaritzaren mugimendu batzuek izaera publiko hori "dudan egon" daitekeela aditzera eman dutelako.
Gainera, funtzionarioen hitzarmen kolektiboa 2009tik berritu gabe dagoela gogorarazi dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek.
Gaurko borroka eta aldarrikapenerako jardunaldia aprobetxatu nahi zian dute hiru sindikatuek. Horregatik, ekainaren 1a, "Bizkaian ere", mobilizazio eguna izan behar zela adierazi dute.
Correosek 50.000 behargin inguru ditu Espainian, horietako 2.500 Euskadin, sindikatuen arabera.
Funtzionarioak, langile finkoak eta aldi baterako beharginak dira. Zentzu horretan, behin-behinekotasuna % 30ean kokatzen dela salatu dute, prekarietate maila "basati" batekin.
UGTk eta CCOOk manifestazioa handia deitu dute Madrilen. Protesta Diputatuen Kongresuaren aurrean bukatu da.
Milaka langilek parte hartu dute manifestazioan, enpresa "desegitea" saihesteko eta konpainiaren "porrota" salatzeko.