Ekonomia -

Etxebizitza legea

Alokairu soziala sustatzeko EH Bilduren lege-proposamena atzera bota du Legebiltzarrak

EH Bilduk babes ofizialeko etxebizitzen erdiak gutxienez alokairu erregimenean eraikiko direla bermatzeko lege erreforma proposatu zuen. Talde parlamentario guztiek, baina, baztertu egin dute, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk izan ezik.

Babes ofizialeko etxebizitak Gasteizen. Artxiboko irudia
Babes ofizialeko etxebizitak Gasteizen. Artxiboko irudia
Babes ofizialeko etxebizitak Gasteizen. Artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du ostegun honetan EH Bilduk alokairu soziala sustatzeko aurkeztutako lege-proposamena. Horren bidez hirigintza-plangintzan babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) % 50 alokairu sozialerako gordetzea proposatzen zuen koalizioak, alokairu-modalitate hori indartze aldera.

txebizitza Legearen arabera, Administrazioak sustatutako babes publikoko etxebizitza guztiak alokairura bideratu behar dira, baina EH Bilduren arabera, hori saihesteko, udalak promotore pribatuei saltzen ari zaizkie lurra, etxebizitzak eraiki eta saldu ditzaten. Horrem aurrean EH Bilduk Lurzoruaren Legea aldatu nahi zuen, hiriko plangintzan babes publikoko etxebizitza guztien erdia nahitaez alokairura bideratzeko.

Otsailean Jaurlaritzak aurreratu zuen ez zuela lege-proposamena aintzat hartuko. Hala, talde guztiek ekimenaren aurkako botoa eman dute, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk izan ezik, eta, ondorioz, ez da lege-proposamena aurrera aterako.

Irune Berasaluzeren (EAJ) arabera, badaude etxebizitzak alokairura bideratzeko eta "eskariari erantzuteko egokiagoak diren bideak, etxebizitza planean jasotzen direnak". Hala, EH Bilduren proposamena "ez dela bideragarria" adierazi du, eta ez duela zentzurik "eskubide bat babesteko beste bat urratzeak".

Maria Jesus San Josek (PSE-EE) errefusatu egin du ekimena, "jabetza pribatuaren eskubideak eta enpresa-eskubidea edo jarduera ekonomikoak murrizten dituelako". "Badago lege-arauketa nahikoa etxebizitza-arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek eskura dituzten baliabide guztiak etxebizitza-politiketara eta alokairu sozialera bideratzeko", adierazi du.

Unai Fernandez de Betoñoren (EH Bildu) esanetan, baina, "etxebizitzak eraiki aurretik lan egin beharra" dago, "alokairura bidera daitezen". Horren ildotik, gogorarazi du "gaur egun, eskatzaileen % 90ek alokairuko etxebizitza bat" eskatzen dutela "hipoteka bat eskuratzeko zailtasunak dituztelako".

Iñigo Martinezek (Elkarrekin Podemos-IU), bestalde, EH Bilduren lege-ekimena aintzat hartzea babestu du. Euskadin alokairu sozialaren eskatzaileak 61.000 pertsona baino gehiago direla nabarmendu ondoren, Eusko Jaurlaritzak ekimenari emandako aurkako irizpidea kritikatu du, "Euskadin etxebizitza-premia egiaztatuta dagoela" azpimarratuz.

Muriel Larreak (PP+Cs) azaldu du kontra bozkatu duela "hiru zutaberen aurka egiten duelako: merkatu-askatasuna, jabetza pribatua eta udal-askatasuna". Amaia Martinez Voxeko ordezkariak ez du eztabaidan parte hartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza