Ekonomia -
Migrazioa
Atzerriko langileak ekartzeko bidea erraztu nahi du Espainiako Gobernuak
Atzerritar Legea erreformatzeko zirriborroa mahaia gainean du exekutiboak. Besteak beste, jatorrian egindako kontratazioak handitu nahi dituzte, atzerriko ikasleei lan egiteko aukera ematea edota legez kontrako egoeran dauden migratzaileak erregularizatzea eskulana behar duten postuetan trebatzeko.
Agentziak | EITB Media
Atzerritarren Legea eguneratzeko zirriborro bat mahai gainean du Espainiako Gobernuak, milaka langile atzerritarrei lan merkaturako sarbidea errazteko helburuarekin.
Jose Luis Escriva buru duen Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak baieztatu duenez, oraindik lantzen ari den erreformak gaur egungo zenbait neurri aldatu eta beste zenbait arau berri sortuko lituzke. Galdetu dioten arren, Escrivak ez du testuaren inguruko xehetasunik eman nahi izan. Ministroa 2021eko urrian indarrean sartu zen atzerritarren araudiaren erreformaren balantzea egiteko prentsaurrekoa izan du gaur, eta ministerioek oraindik aldaketak ebaluatzen ari direla argudiatuta, azalpen gehiago ematea ukatu du.
Zirriborroak oraindik aldaketak izan litzake, beraz, baina, El Pais egunkariak argitaratu duenaren arabera, hiru oinarri ditu. Lehendabizikoaren arabera, exekutiboak jatorrian egindako kontratazioak handitu nahi ditu, batez ere nekazaritzan urtaro jakin batzuetan egiten diren lanbideetan. Bigarrenak ikasle atzerritarrek lan egitea baimenduko luke. Hirugarrenak, azkenik, legez kontrako egoeran dauden migratzaileak erregularizatzeko helburua luke, eskulana behar duten postuetarako formatu daitezen.
Migratzaileekin lan egiten duten erakundeen arabera, 500.000 atzerritar inguru bizi dira Espainiako Estatuan, arauz kontrako egoeran. Hala ere, ez dago zenbaki ofizialik.
2021eko urriko erreformaren balantzeari dagokionez, Escrivaren arabera, lehenengo sei hilabetean 9.300 baimen eman dituzte bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak eta adinez nagusi diren zaindutako gazteak lan merkatuan sartzeko. Azpimarratu duenez, erreformari esker % 20ra jaitsi da irabazikoa ez den erresidentzia, hau da, lan egitea baimentzen ez duena. Emandako datuen arabera, alta gehienak ostalaritzan, merkataritzan, eskulanetan eta eraikuntzan izan dira.
UGT eta CCOO, oso kritiko: "Neurri klasista da"
Escrivaren asmoen lehen balorazio batean, UGT eta CCOO sindikatuek adierazi dute proposamena "klasista" dela, langileen interesei barik, "sektore ekonomiko jakin batzuen interesei erantzuteko helburua duelako".
Bi sindikatuek izenpetutako ohar batean deitoratu dutenez, "baldintza prekarioak dituzten lanpostuak betetzen ez direla ondorioztatu dute, baina era berean, onartu dute baldintzok onargarriak direla beste herrialde batzuetatik datozen langileentzat".
Kolonbiatik 50 langile ekartzeko egitasmoa lantzen ari da Gipuzkoako ostalaritza
Bestalde, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea egitasmo bat lantzen ari da Kolonbiatik sektoreko 50 bat profesional ekartzeko. Lanketa Estatuko federazioaren bitartez egiten ari dira, Migrazio eta Lan ministerioekin eta Lanbiderekin batera.
Kolonbiatik etor daitezkeen beharginen lanerako eta erresidentziarako baimenak Migrazio Ministerioak kudeatuko ditu, baina kontratazioei bide emateko baldintzak betetzen direla ziurtatzea Lanbideri dagokio. Hau da, hemen behargin falta dagoelako langile bila kanpora joatea beste erremediorik ez dagoela bermatzea Lanbideren ardura da, eta izapide horretan dago orain ekimena atzeratzeko gakoa.
Ekainean bertan ziren etortzekoak lehen behargin kolonbiarrak, baina urte amaiera arte atzeratu da ekimena.
ELA eta LAB sindikatuetatik, ordea, salatu dute arazoa ez dela atzerritik langileak ekarriz konpontzen, eta lan baldintzak are gehiago kaskartzea ekar lezakeela horrek.