Ekonomia -

KPIa

Garamendik (CEOE) "aurrekontu-zorroztasuna eta ekonomia-ortodoxia" eskatu ditu, KPIa kontrolatzeko

Gainera, "Aurrekontu Orokorrak berrikustea" galdegin du, bai eta Toledoko Ituna biltzea ere. Azken bilera horretan, pentsioak eta funtzionarioen soldatak izango lituzkete hizpide.

Antonio Garamendi, Gasteizen, ostiral honetan. Argazkia: EFE.
Antonio Garamendi, Gasteizen, ostiral honetan
Antonio Garamendi, Gasteizen, ostiral honetan. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CEOEko presidente Antonio Garamendik "aurrekontu-zorroztasuna eta ekonomia-ortodoxia" eskatu ditu, ostiral honetan, KPIa kontrolatu ahal izateko eta goizean jakitera eman dituzten datuak "estrukturalak" izan ez daitezen. Halaber, "Aurrekontu Orokorrak berrikustea" galdegin du, bai eta Toledoko Ituna biltzea ere; azken bilera horretan, pentsioak  eta funtzionarioen soldatak izango lituzkete hizpide, eta aztertuko lukete "nola dabiltzan hitzarmen kolektiboak".

Garamendik, Gasteizen, SEAren Batzarrean, hitzaldia eman du, "Ekonomiaren erronka eta ziurgabetasunen aurreko erronkak eta etorkizun-gakoak" izenburupean. Aurretik, eta kazetarien galderei erantzunez, ostiral honetan argitaratutako KPIaren datuez hitz egin du.

Testuinguru horretan, ohartarazi du inflazioa "arazoa" dela, "hainbat urtez gogoan izan ez dugun aldagaia". "Ekonomialari guztiek esaten ziguten maila koiuntural batetik joatekoa zela, baina azkenean ematen du estrukturalagoa izango dela", deitoratu du.

Horrela, nabarmendu duenez, inflazioa estruktural bilakatzekotan, "lehiakortasunaren arazoa oso larria izango da". "Gure herrialdea kanpo-merkataritzagatik dabil ondo… BPGaren % 34 kanpo-merkataritza da, eta kezkatuta gaude", onartu du.

"Jakin behar dugu zer dugun gainean"

Haren iritziz, KPIa kontrolatzeko beharrezkoa da "zorroztasuna" izatea aurrekontuetan, "eta ortodoxia, ekonomian": "Jakin behar dugu zer dugun gainean. Ekonomia globala da, mundu-mailakoa. Gauza bat da zer gustatzen zaigun gertatzea, eta beste kontu bat da zer neurri hartu behar diren hau dena ondo ibiltzeko: aurrekontu-zorroztasuna, eta ekonomia-ortodoxia", berretsi du.

Horregatik, Garamendik galdegin du "Aurrekontu Orokorrak berrikustea", bai eta Toledoko Itunak bilera egitea: "Oso garrantzitsua da pentsioez hitz egitea, funtzionarioen soldatez ere bai, eta aztertu behar da hitzarmen kolektiboak nola dauden", argudiatu du.

Ildo horretan, ziurtatu duenez, errenta-itunaz hitz egiteko, "beharrezkoa da gizarte osoa mahaian esertzea benetan eztabaidatzeko, arazoa ez baita arina".

Soldata-igoerak

Soldata-igoerei dagokienez, Garamendik adierazi du CEOEk ez duela "inondik inora" esan ezin direnik gauzatu, baina aztertu behar dela zein sektore dauden beste batzuk baino hobeto.

"Lehiakortasunaz, produktibitateaz, enpleguaz… hitz egin beharko dugu. Ez gaude ados kopurua esatearekin, baizik eta inflazioaren araberakoa izatearekin", zehaztu du: "enpresak ari dira sufritzen inflazioagatik", azpimarratu du.

"Gardentasun-kontua da, guztion artean hitz egin behar da, adostea, baina errealismotik. Ez diogu ezetz, baizik eta errealistak izan gaitezela", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak KPI Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Enpresaburuak CEOEri buruzko albisteak